argia.eus
INPRIMATU
Abian da Julene Azpeitia literatur lehiaketaren 35. edizioa
  • Zabalik da Julene Azpeitia literatur lehiaketara lanak aurkezteko epea. Irailaren 30era arte jasoko dituzte literatur sorkuntzak, eta horietatik hiru diruz sarituko dituzte.

2022ko uztailaren 20a

Hogeita hamabosgarren urtez antolatu du Zumaiako Udalak Julene Azpeitia literatur lehiaketa, euskarazko literatura sorkuntza bultzatzeko xedez. Dagoeneko irekia dago literatur piezak aurkezteko epea, eta irailaren 30 bitarte bidali ahalko dira euskara@zumaia.eus helbidera, edo posta bidez Zumaiako udaletxera.

Parte hartzaileek gutxienez sei orriko lanak aurkeztu beharko dituzte, euskara hutsean idatziak eta aurretik argitaratu gabeak. Idatziaren gaia librea izango da. Oinarriak eskuragarri daude Zumaiako Udalaren web-orrian.

Aurkeztutako lanen artean hiru sari banatuko dituzte: 3.000 eurorekin sarituko da irabazlea, 1.500 euro emango zaizkio bigarrenari, 1.000 euro jasoko ditu hirugarren postuan sailkatzen denak.