Ostegunean abiatu da Errenteriako Atlantikaldia jaialdiaren laugarren edizioa. Aurten Alpha Blondy eta Amparanoiaren kontzertuak izango dira ikusgarri nagusiak. Igandera bitarte hainbat izango dira herrian zehar izango diren ikuskizun, tailer, jolas eta ekimenak.
Arratsaldean inaugurazio ekitaldiaren ostean Kukai dantza taldeak beren beregi sortutako Adiskideak ikuskizuna eskaini du. Herriko hainbat artista eta lagunekin batera atera du aurrera: Oreka Tx, Iñaki Salvador, Dj Zigor, Ereintza Dantza Taldea, Galizia Etxeko gaiteroak eta Aitor Albistur bertsolaria, besteak beste
Goizean izan da ordea lehen ekintza. Errenteriako 1.300 haurrek “Badator Olatua” ekimena burutu dute, ehunka tanta txikiz egindako olatua osatuz.
Aurtengo ikusgarri nagusien artean ostiralean izango den Alpha Blondyren kontzertua edo larunbatean izango den Amparanoiarena azpimarratu daitezke. Lau egunetan zehar izango den egitaraua osorik hemen ikus daiteke.
2014ean sortu zen Atlantikaldia Errenteriaren itsas memoria berreskuratzea eta munduko kultur adierazpenak bertakoekin nahasteko helburuarekin. Kultur egitaraua ez da ikuskizunen bilduma hutsa, bertako eta nazioarteko eragileekin elkarlanean osatzen baita programazioa. Urtero formatua eta ekimen nagusiak aldatuz joaten dira, jaialdia etengabeko mugimenduan baitago, itsasoa bezala.
Berezitasunetako bat Itsas Elkarrizketak izeneko ekimena da. Kanpotik etorritako artistek eta bertako artistek elkarlanean ikuskizun berezi bat sortzea da ekimenaren helburua, Atlantikaldian soilik ikus daitekeena.
Aurten Frantziako The Shougashack ibiliko da Donostiako Ghost Number-ekin ostiralean eta Track Dogs taldea Xafol-K eta Sagari U klake dantza taldeekin arituko da larunbaten. Amparanoiak berak ere, Xabi Solano, Sorkun eta Pinirekin elkarlanaren ondutako ikuskizuna eskainiko du.