argia.eus
INPRIMATU
Abian da inoizko Zinemaldirik arraroena
  • COVID-19ak erabat markatuta hasiko da ostiral honetan Donostiako Zinemaldiaren 68. edizioa: antolakuntzak lan eskerga hartu du festibala segurtasun baldintzak betez egin ahal izateko, baina hala eta guztiz ere, aurtengoa ez da edizio estandarra izango.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2020ko irailaren 18a

Aretoen edukiera asko murriztu da segurtasun tarteak mantendu ahal izateko eta Donostiako zitak urtero eskaini ohi dituen irudi ikoniko batzuk aurten ez dira ikusiko. Adibidez, filmetako aktore eta zuzendariak alfonbra gorrian barrena pasatzen direnean, ez da publikorik izango. Eta, oro har, Gipuzkoako hiriburua bisitatuko duten zine industriako celebrity-en kopurua beste urteetan baino murritzagoa izango da.

Ostegunean, ustekabean iragarri zuen Zinemaldiak Matt Dylon eta Johnny Depp aktoreak ere etorriko direla azkenean aurtengo ediziora, Donostia Saria jasoko duen Viggo Mortensenekin batera. Hutsuneen zerrendan berriz, Sail Ofiziala irekiko duen Rifkin’s Festival filmaren zuzendaria, Woody Allen.

Izarren presentzia gutxitze horrek beharbada aukera emango du pelikulez gehiago hitz egiteko eta atal horretan, aurten Urrezko Maskorra lortzeko lehiatuko diren filmen artean badira izen esanguratsuak. Lehenago Donostiatik pasa izan diren zuzendari garrantzitsuak daude aurtengo Sail Ofizialean, Naomi Kawase edo François Ozon adibidez –azken honek 2012 Urrezko Maskorra irabazi zuen Dans la maison filmarekin–.

Lehiaketako beste plater nagusien artean, 1990eko hamarkadan Dogma 95 mugimenduko kide izan zen Thomas Vintenbergen azken filma ikusteko aukera izango da, baita Julien Templek The Pogues taldeko abeslari Shane McGowanen irudi-artxiboan arakatuta osatu duen filma ere.

Euskal Herriko zinemaren presentzia esanguratsua

Lehiaketa ofizialean ariko da Akelarre pelikula euskal-argentinarra ere: 1609ko Euskal Herrian girotutako lan honekin sorgin-ehizaren garaira eramango ditu ikusleak Pablo Agüero zuzendariak.

Ez da Zinemaldian ikusiko den Euskal Herriko film bakarra izango, noski: Laida Lertxundik zinematografia arriskatuagoei eskainitako Zabaltegi-Tabakalera sailera ekarriko du bere azken lana, Autoficción; Imanol Rayok berriz, Hil kanpaiak estreinatuko du Zuzendari Berriak sailean, Miren Gorrotxategi idazle azpeitiarraren 33 ezkil nobelan oinarritutako istorioa, Itziar Ituño protagonista duena. Sail berean ikusiko da David Pérez Sañudoren Ane ere, duela hamarkada pasatxoko Euskal Herrian girotutako istorio familiar bat, Abiadura Handiko Trena atze-oihal gisa duena.

Bertako zinemari eskainitako Zinemira sailean ere badago non aukeratua: Mikel Zabalzaren atxiloketa, tortura eta hilketa aztertzen dituen Non dago Mikel? ekarriko dute Amaia Merinok eta Miguel Angel Llamasek; Alfonso Etxegarairen deportazioaren amaiera pantailaratuko dute Josu Martinezek eta Txaber Larreategik Caminho Longen; eta Telmo Esnalek Urtzen ekarriko du, konfinamendu garaian berreskuratutako proiektu batetik abiatu zen filma.

Bertako eskaintzaren artetik nabarmentzen diren ale batzuk besterik ez dira, noski. Euskal Herriko zinemari eskainitako sailean dauden pelikulen inguruko informazio guztia Zinemaldiaren webgunean kontsultatu daiteke.