argia.eus
INPRIMATU
Hezkuntza publikoko grebak %70etik gorako jarraipena izan du asteazkenean, sindikatuen arabera
  • Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza publiko ez-unibertsitarioko 26.000 langile inguru grebara deituta daude asteazken eta ostegunean. Lan baldintzak hobetu, hezkuntza eraiki lelopean ekin diote bi eguneko lanuzteari.

Maddi Txintxurreta @mtxintxurreta 2018ko martxoaren 14a
Manifestazio jendetsua egin dute asteazkenean Gasteizen (argazkia: ELA Hezkuntza).

Eusko Jaurlaritzaren arabera irakaskuntzan jarraipena %44koa izan da, heziketa berezian %24koa eta sukalde eta garbiketan %14koa.

EAEko hezkuntza publikoan deitutako lehen greba eguna izan da asteazkenekoa eta irakasleen artean %70eko jarraipena izan duela adierazi du LABek. ELAren arabera, "oso zabala" izan da grebak jaso duen babesa: %75 irakasleen artean, %65 sukaldeetan eta garbiketan, %60 heziketa berezian eta %30 Haurreskoletan. STEILAS sindikatuak ere antzeko datuak eman ditu.

STEILASek, ELAk eta LABek egin dute grebarako deialdia. Lehenengo biek sektore orotan lanuzteak egitera deitu dute: irakaskuntza, heziketa berezia, Haurreskolak eta sukalde eta garbiketa zerbitzuak. LABek, haatik, irakaskuntzako grebara dei egin du.

Sindikatuen desadostasunak gorabehera, manifestazio bateratuak

Sindikatuen arteko tirabirak agerikoak dira. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk asteartean esan zuen ELAk greba helburu duela, ez bitarteko: "Grebek eraginkorrak izan behar dute; ezin dira helburu bat izan, bere horretan". Bestalde, LABi batasun sindikala haustea eta "Hezkuntza Sailari txeke zuria ematea" leporatu diote ELAk eta STEILASek.

ELAk, bere aldetik, LAB eta CCOOri leporatu die "murrizketa neurriak" betikotzen dituela iragan astean sinatu zituzten lan hitzarmenak –haurreskoletan, heziketa berezian eta garbiketa eta sukaldaritzan sinatu dituzte akordioak LABek eta CCOOk–.

Desadostasunak egonagatik ere, asteazkenean manifestazio bateratua egin dute 12:00etan ELAk, STEILASek eta LABek Eusko Legebiltzarraren aurrean, Gasteizen. Ostegunean, EAEko hiru hiriburuetan izango dira manifestazioak, 12:00etatik aurrera.

"Alda dezala errotik azken urteotan inposatzen ari den murrizketa eta hezkuntza politika, eta eskain diezazkiola hezkuntza publikoari ezinbestekoa duen inbertsioa eta baliabideak", eskatu diote sindikatuek Eusko Jaurlaritzari. Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, bestalde, LAB, CCOO eta UGT sindikatuekin lortutako akordioak txalotu ditu eta "elkarrizketa eta negoziazioa akordioak lortzeko bidea" direla nabarmendu du. 

Grebek jarraituko dute 

Ekainaren 12an beste greba egun bat aurreikusi dute sindikatuek, eta apiriletik aurrera sektoreka egingo dituzte lanuzteak, astero bat: apirilaren 23ko astean irakasleek, maiatzaren 7koan Heziketa Berezikoek, eta ekainaren 4koan sukalde eta garbiketakoek.

Alabaina, datozen grebetarako ere sindikatuek ez dute akordiorik lortu, eta LABek irakasleen greba bakarrik deituko du berriro. Honekin batera, ostiralero elkarretaratzeak egingo dituztela jakinarazi dute.