argia.eus
INPRIMATU
Abian da Euskal Herriko Herri Unibertsitatea
  • "Zapalduoi beharrezkoa zaigu elkartzea, eztabaidatzea, ikastea, harremantzea, borrokatzea; klase batasunaren bidez soilik lortuko baitugu desjabetuona izango den unibertsitatea eta harreman sozial berrien eraikuntza". Asmo horrekin abiatu da Herri Unibertsitate Nazionala, Donostiako Ibaeta campusean. Guztira, 30 hitzaldi eta tailer baino gehiago, "ezagutza propioa garatzea helburu".

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2018ko martxoaren 14a

Hego Euskal Herriko campusetan egiten ari diren Herri Unibertsitateez gain, denok elkartzea xede duen Herri Unibertsitate Nazionala egingo da martxoaren 14an eta 15ean. “Gaur egungo hezkuntza sistemarekin amaitu eta guretzat baliagarri izango den hezkuntza eredu berri bat sortzea da gure nahia eta beharra”, dio ikasle mugimenduak.

Bost bloketan banatuta, ikasteko, eztabaidatzeko eta aisialdirako tartea izango da. Sobietar Batasuna eta emakumearen askapena, haurdunaldi subrogatuak, langile boterea, gure buruaren zaintza, software librea, Parisko Komuna, Kataluniako prozesua, Italiako mugimendu autonomoa… dira jorratuko dituzten gaietako batzuk (behean egitarau osoa). Eta ostegunean, 13:30ean, manifestazioa egingo da Ibaetatik Boulevardera.

Kritika eta eztabaida, urte osoko jarduna

Hala ere, diote, "badakigu gure borrokak eta aldarriak ezin direla urteko hiru egunetara bakarrik mugatu. Horren aurrean ikasleok urte osoan zehar lanean aritu gara, fakultatez fakultate, proiektuak sortuz eta gure proiektu politikoan sakontzeko tresna ezberdinak pentsatu eta garatuz. Horren adibide ditugu Euskal Herriko hainbat fakultatetan martxan diren talde kritikoak. Talde kritiko horien bidez, batetik jakintza espezifiko bakoitzeko edukiak eremu akademikoetatik atera eta kolektibizatzen ditugu, eta bestetik, jakintza horiek kapitalaren interesetatik askatu eta langile klasearen interesen baitan aplikatzen dira".