argia.eus
INPRIMATU
Abian da Europar Batasuneko funts komunaren inguruko bilera, akordioaren inguruko bermerik gabe
  • 27 herrialdeetako buruzagiak aurrez aurre bildu dira lehen aldiz duela bost hilabetetik. Bi egun dituzte EBko berreskuratze-funtsaren eta aurrekontuaren gaineko diseinua ixteko.

Mikel Eizagirre 2020ko uztailaren 17a

Ostiral honetan hasiko da azken bost hilabeteetako lehen goi-bilera presentziala Europar Batasunean. Estatuburuak eta gobernuburuak elkartuko dira berreskuratze funtsa eta datozen zazpi urteetarako aurrekontua onartzeko. Europar Batasuneko iturrien arabera, eztabaida “zorrotza" izango da, eta akordioa "ez dago bermatuta, alde handiak baitaude". Izan ere, badirudi kontsentsua batzen duen gauza bakarra Brusela merkatuetara joatea dela, berreskuratze plana eraikitzeko funtsak eskuratzeko.

Egoerak EBren alde egiten ez duela jakinda, buruzagiek ostiralean eta larunbatean eztabaidatuko dute gaia, erabaki bat hartzeko asmoz. Bost hilabeteren ostean, estatuburuek eta gobernuburuek elkar ikusi eta "korridorea" egin ahal izateak “jarrerak hurbiltzen” lagun omen dezake, zenbait ordezkariren ustez. Hala ere, badira abuztuan oporrak hasi aurreko azken hitzordua izango ez dela iragartzera ausartu direnak ere.

Charles Michel Europako Kontseiluko presidenteak joan den astean aurkeztu zuen negoboxaren (negoziazio-paketea) xehetasunak eztabaidatuko dituzte, negoziaziorako oinarri gisa. Belgikako lehen ministro ohiak Europako Batzordeak aurkeztutako Berreskuratze Funtsaren tamainari eustea proposatu zien bere kideei (750.000 milioi euro), bai eta datozen zazpi urteetarako 1,074 bilioi euroko aurrekontua izatea ere, Europako Batzordeak proposatutakoa baino zertxobait txikiagoa.

Pitzadurak

Kontseiluko presidenteak mahai gainean jarri duen proposamenaren arabera, Bruselaren krisiaren aurkako funtsaren tamainari eutsi diote. Hala, “transferentzia eta maileguen arteko oreka” errespetatzen dela diote, 500.000 eta 250.000 milioi eurokoa, hurrenez hurren. Puntu hori ez zaie gustatzen euren burua “urritzat” dutenei, hots, Holanda, Danimarka, Austria, Suedia eta Finlandiari. Horiek nahiago dute diru-laguntzak saihestu, izan ere, kopuru osoak mozketa jasan behar lukeela ere uste dute. Europako Batzordearen Berreskuratze Funtsaren tamaina ez ukitzeko, eta batez ere Italia eta Espainiako estatuaren egoera arintzeko, Kontseiluak zenbait kontzesio egin dizkie euroaren baitako potentzia nagusiei. Hala ere, oraindik ez dira nahikoa izan euren oniritzia jasotzeko, batez ere Holandaren partetik.

Kontseiluan ala Bruselan

Puntu beroenak funtsak eskuratzeko eta ordaintzeko irizpideak dira. Michelek proposatu duenez, Alemaniako presidentetzaren ideian oinarrituta, Kontseiluak erreforma-programa estatalak “gehiengo kualifikatuz “onartu behar lituzke, eta ondoren, Europako Batzordeak horiei argi berdea ematea. Espainia eta Italiako gobernuek nahiago lukete erabakia Bruselak hartzea; Herbehereek, berriz, aho batez onartu nahi dute Kontseiluan, bertan handiagoa baita euren eragina. Aurrekoa funtsezko puntua da Holandarentzat; izan ere, tinko eusten die bere interesei, eta baliteke ostiral honetan elkarrizketak isilaraztea. Halaber, ez dago prest transferentzien alde egiteko, eta baldintzapekotasun handia eskatzen du. Hala, hegoaldeko kideekin “konfiantza arazorik ez duela” onartu du, eta Europako Batzordekide dela azpimarratu du.

ESN

Herbehereek funtsa murriztu eta transferentziak ezabatzeko duten argudioetako bat da oraindik inork ez duela eskatu Egonkortasun Europako Mekanismoa (ESN) tresna erabiltzea. Laguntza hori Eurotaldeak apirilean onartutako krisiaren aurkako planaren parte da. 540.000 milioi euro mobilizatu nahi ditu pakete horrek, eta, besteak beste, 240.000 milioi euroko kreditua biltzen du ESNren bidez, 100.000 milioi euro langabeziaren aurkako funts batekin (Sure) eta 200.000 milioi euroko kreditu-lerro bat Europako Inbertsio Bankuaren (EIB) bidez. Kontseiluko presidenteak planaren %70 2021etik 2022ra bitartean gauzatzea eta gainerako %30a 2023rako gordetzea aurreikusten du, pandemiak Europako ekonomietan dituen ondorioak ezagutu artean. Horrela, eskandinaviarrek “dirua banatuago geratzea” espero dute, ekonomiei injekzioa askoz mantsoago eman arren. Proposamen horrek Finlandiaren, Alemaniaren eta Frantziaren oniritzia ere izango luke.

Asmo handiegia

Erkidegoko aurrekontuari dagokionez ere, errezeloak daude. Otsailean negoziatzen ari ziren kopurua jaitsi egin du Kontseiluko presidenteak, eta 1,074 bilioiko paketea proposatu die bazkideei, Europako Batzordearen proposamena baino %2 txikiagoa. Hegoaldetik begiratuta, kopuru hori ez da nahikoa, eta mailegu-emaileek, berriz, “gehiegizkotzat” jotzen dute.

Ekialdea haserre

Dena ez da Europa iparraldearen eta hegoaldearen arteko liskarretara mugatzen ordea. Ekialdeko Europako herrialdeekin ere arazoak baitaude. Beste puntu goren bat funtsak Zuzenbide Estatuaren errespetuarekin eta trantsizio klimatikoa finantzatzeko inbertsioekin lotzea da, eta horrek Hungaria eta Poloniaren “ezezko borobila” dakar.