argia.eus
INPRIMATU
Abian da EA alderdiaren barruko lehia ebazteko epaiketa
  • Buruz buru aurkitu dira EAren sektore ofizialeko kideak eta ildo horrekin kritikoak direnak epaitegian. Eztabaidagaia: afiliatuen zerrendarako sarbidea. Alderdi barruko barne-gatazka politikoak azaleratu dira auzi horren inguruan eta soka luzeagoa da: alderdiaren gidaritza bera dago jokoan.

     

Mikel Eizagirre 2020ko ekainaren 10a
EAko kideak epaiketan. Argazkia: Jorge Muñoz

Eusko Alkartasunaren gidaritza lortu nahi duten bi sektoreek asteazken honetan elkar ikusi dute auzitegietan, alderdiko idazkari nagusiaren hautaketa erabakiko duen epaiketaren lehen egunean. Prozesua berez martxoan hastekoa zen arren, bertan behera utzi zuten osasun larrialdiagatik. Atzerapenaren ostean, asteazken honetako saioa eta datorren asterako beste bi ezarri dira; ekainaren 16an eta 17an, zehazki.

Alderdiaren zuzendaritzagaitiko lehia da bi sektoreak epailearen aurrera eraman dituena. Maiorga Ramirezek ordezkatzen duen sektoreak salatzen duenez, zuzendaritzak alderdiko afiliatuen datuak ukatu omen zizkien. Horregatik, Eba Blancok alderdiaren idazkaritzarako hauteskunde primarioak irabazi zituen arren, epaileak kautelarki geldiarazi zuen kargu-hartzea. Dena den, Blanco da gaur gaurkoz alderdiaren buruzagi funtzioa betetzen duena.

Lekukoak

Noticias de Gipuzkoak aditzera eman duenez, hainbat lekuko deitu ditu epaitegiak. Horien artean aurkitzen dira Joseba Gezuraga idazkari nagusi ohi eta EAko Hauteskunde Antolaketarako Batzordeko arduraduna, ildo ofizialeko zuzendaritzako zenbait kide eta horren erabakiekin bat ez datozen Berme Batzordeko bi lagun.

Blancoren aldekoak

Kritikak eta gaitzespenak jaurti dizkiote elkarri bi taldeek. Ildo ofizialaren ustez, Eba Blancok "zilegitasuna ez ezik, idazkari nagusi karguaren zama guztiak ere baditu, hala nola, alderdia zuzentzea, uztailaren 12ko hauteskundeetarako hautagai-zerrendetan parte hartzea edo alderdia bere maila gorenean ordezkatzea". Halaber, prozesu judiziala euskal herritarren "interesen giltzarri diren hauteskundeen atarian" egitea deitoratu dute. "Ez da borrokarako unea. Epaiketara eraman dutena alderdiaren barruan ebatzi behar diren barne araudiak dira, baina ez Euskal Herria berreraikitzeko hain garrantzitsuak diren hauteskundeen bezperan, eta are gutxiago epaitegietan", argudiatu dute Blancoren aldekoek.

Kritikoen kexua

Karlos Garaikoetxearen babesa duen sektore kritikoak, berriz, deitoratu egiten du sektore ofiziala deritzonak “Bermeen Batzordearen ebazpenak urratzen jarraitzea”, eta horren ordez, afiliatuen fitxategia “exekutiba osoaren eskuetan” uztea eskatzen du, bertan bi sektoreen ordezkariak baitaude. Horrez gain, kritikoen ustez EAn erantzukizun gorena izan duten kideek, hots, Pello Urizar, Joseba Gezuraga eta Eba Blancok, “sistematikoki” urratu dituzte Bermeen Batzordearen ebazpenak. Gertaeren "desinformazioa" eta "desitxuratze interesatua" ere egotzi diete ildo ofizialekoei.

Gatazka politikoa

Alderdiaren kontrolaren gaineko lehia EAren baitako gatazka politikoak eragin du. Ofizialek jarrera irmoa mantentzen dute alderdia EH Bildu hauteskunde-koalizioan integratzeko. Kritikoek, berriz, EA koalizio horretan "desagertzeko" arriskua ikusten dute eta alderdi izaerari eutsi nahi diotela azpimarratzen dute.