Gasteizko XVII Film Laburren Jaialdiari ekingo zaio gaur, azaroak 26. Arabako Campuseko Errektoreordetzaren ekimenez berreskuratu zen Cortada, 2009an. Zazpigarren edizioa duen honetan, 501 film labur heldu zaizkie antolatzaileei, eta horietatik 71 lan aukeratu beharko dituzte, zinemaldiak dituen sailei egokitzeko eta lau egunez proiektatzeko.
Betidaniko sailei –Fikzioa, Animazioa eta Dokumentala– Gureak eta Hemengoak deiturikoak atxiki zaizkio. Lehenak Euskal Herriko film onena sarituko du, eta bigarrenak, berriz, Arabakoa. Freaky Power Gaua ere izango da, lehiaketa itxiko duen ekitaldiarekin batera.
Aurreko urteetakoa baino xumeagoa izango da aurtengo lehiaketa, aurrekontuen murriztea tarteko. Bestalde, egoitza gehiago izango ditu jaialdiak: Montehermoso Kultur Etxeko Ortuño Aretoan animazioak eta dokumentalak eskainiko dira; Floridako zinemetan fiikziozko film laburrak eta Gureak nahiz Freaky sailetakoak; eta Artiumeko Auditorioan zenbait dokumental eta Hemengoak sailean lehiatuko diren lanak.