argia.eus
INPRIMATU
Abian da botiken berrordainketa sistema EAEn
  • Botiken berrordainketa sistema martxan da astelehenetik aurrera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Herritarrek euren soldataren araberako gainprezioa ordaindu beharko dute botikengatik. Prestaziorik gabeko langabeek eta pentsio minimoa duten erretiratuek ez dute ordaindu beharrik izango.

Lander Arretxea @larretxea 2013ko uztailaren 01a

Hemendik aurrera, urtean 18.000 euroko soldata baino altuagoa dutenek botiken %50 ordainduko dute, kopuru horretatik behera irabazten dutenek %40, eta 100.000tik gora irabazten dutenek aldiz, %60; pentsiodunek, bestalde, botiken %10 ordainduko dute.

Orain arte pentsiodunek ez zuten gainpreziorik ordaindu beharrik, eta gainontzekoek %40a soilik. Pentsiodunek hilabeteko ordaindu beharreko gehienezko kopuru bat izango dute, 8,14 eurotik 61,08 eurora artekoa diru-sarreren arabera.

Espainiako Gobernuak duela urtebete onartu zuen berrordainketa sistema Errege Lege Dekretu bidez. Jaurlaritzak horren aurkako dekretua aurkeztu bazuen ere, Auzitegi Konstituzionalak dekretua baliogabetu du. Jon Darpon Jaurlaritzako Osasun Sailburuaren arabera, neurriarekin “ados ez egon arren” auzitegien erabakia beteko dute.