argia.eus
INPRIMATU
Abian da aurtengo Errigoraren “Euskarari puzka” kanpaina
  • Euskara hauspotzeko lan egiten duten eragileak ekonomikoki hornitzea da ekimenaren xedea. Ekarpena egiteko bertako produktuen saskiak erosteko aukera izango da urriaren 24tik azaroaren 14ra bitartean.

Leire Ibar 2024ko urriaren 24a
Lurralde zabalean euskara libre heda dadin lanean jarraituko dutela adierazi dute agerraldian Errigora

“Agerreko uzta euskarari puzka” lelopean aurkeztu dute elkartasun kanpaina urriaren 23an Bilbon. Euskarak dituen beharrei “inoiz baino indartsuago” ekitea ezinbestekoa dela esan dute Errigorako kideek. Hori dela eta, euskalgintza bitartekoz hornitzeko Nafarroa erdi eta hegoaldeko produktuez osatutako saskiak eskuratzeko aukera eskeini dute. Saskien balioaren %25 euskara sustatzeaz arduratzen diren eragileetara bideratuko da: AEK, Ikastolak, Sortzen eta Agerraldia.

“Gaur inoiz baino indartsuago” ekin behar dugula adierazi du Haizea Lizarbe Errigorako kideak. Euskara libreki hedatzearen beharraz mintzatu da asteazkeneko agerraldian, eta euskarari “merezi duen tokia” emateko lanean jarraituko dutela adierazi du. Jose Angel Iribar, Athletic-eko jokalari historiko eta euskalzaleak adierazi du elkartasunez erantzun behar zaiola euskarak dituen beharrei. Ildo horretan aurkeztu dute kanpaina. 

Aurtengo Euskarari Puzka kanpainako eskaintzak berritasun bat izango du. Beste urteetan ez bezala, 2024an hiru saski eskuratzeko aukera izango da. Saski beltza, 55 eurokoa, zonaldeko produktu konbentzionalez osatua; saski berdea, 65 eurokoa, produktu tipikoak eta "berritzaileagoez" betea, denak ekologikoak; eta berrikuntza, saski gorria, 75 eurokoa, eguberriekin lotura duten produktu bereziagoekin betea. 

Eskaerak errigora.eus webgunean edota banaketa guneetan eskuorrien bitartez egin daiteke. Saskiak Euskal Herri osoko 200 herri baino gehiagotan jasotzeko aukera izango da. Azaroaren amaieran edo abenduaren hasieran jasoko dituzte eskatzaileek produktuak.