TAV eta LGV bi sigla eta erran-nahi bera: Abiadura Handiko Trena (AHT). Irun-Hendaia-Hondarribian, ataka gaitza dauka proiektuak. Trena Akitanian beheiti aise heldu da, Baionatik beheiti nekez, eta Bidasoan, artean gauzatu gabe. Obraren gauzapena motel garatzen ari da.
Frantziako Estatuak ez du interesik izan, eta Akitaniako Kontseiluak ez dio Abiadura Handiko Trenari lehentasuna eman, bereziki Akize eta Hendaia lotzeko. Ipar Euskal Herrian izandako erresistentziak ere gibelarazi du Hegoaldeko AHTrekin lotzeko proiektua.
Irun hiriaren berregituraketak eta plangintza berriak, ez dio AHTko proiektuari bidea erraztu. Hendaian (SCNF) eta Irunen (RENFE-ADIF) trenbideek okupatu izan duten lur-eremua oso zabala da. Azken hogei urteotan, erabiltzetik urrun, andeatze handia jasan dute tren azpiegiturek. Irunen etorkizuna hirigintzaren egitasmoak baldintzatuko du AHT, baita tren modalitateen arteko konfluentzia ere. AHT ezin da gauzatu, Irun berriaren gauzapena aintzat hartu gabe
Hexagonoko egitasmoak hego-mendebalerako halaxe aurreikusi dira: Bordele-Tolosa (Okzitania) eta Bordele-Hendaia trenbideen garapenak segitzen du indarrean, baina, 2019ko urteko urtarrilean, iritzi publikoari galdetu ostean, tokiko herritarrek, hots, Bordele, Akize, Baiona eta Hendaian bizi direnek ez diote lehentasunik ematen proiektuari.
Frantziako Estatuak Espainiarekin lotura baino, Italia, Suitza, Alemania eta Belgikarekin lotzen dituzte trenbideak lehenesten ditu. Europako tren azpiegiturak aitzina doaz, baina Espainiako Abiadura Handiko Trenaren lasterketan azken furgoia da.
Espainiak ere baditu eta izan ditu berezko interesak horrela izateko. 1992 urtean jada, Madril-Sevilla arteko bideari eman zion argi berdea. Gero, Bartzelona, ondoren Zaragoza, hots, mundu mailako Kirol eta Azoka ikuskizunen arabera garatu du trenbide berria. Hego Euskal Herriko pasabidea ez da inoiz lehentasunezkoa izan harentzat. Ligne à Grande Vitesse (LGV) webgune honetan ageri denez, Bordeletik eta Espaniaren arteko trenbidea ez da ageri.
Interesak interes, aitzakia erraza izan du egitasmoa gibelean uzteko: Euskal Herriko orografia malkartsua da, hiri eta herri asko tarteko, kostu handikoa. Hau da, egin ahala ohartu dira, azpiegitura garestia izateaz gain, ez duela tren horretako ezaugarriek eskaintzen dituzten abantailak bermatuko, eta herritarrek bizkarra emanen ote dioten hasi dira pentsatzen agintariak.
Urteak joan ahala, AHTren erabateko gauzapena atzeratzen doa. Bizkaia eta Gipuzkoako obrak amaituta izateko data berritu dute: 2023 urtea. Itxura batez, proiektuaren sustatzaileek ilusioa mantentzeko erakargarria. Urtea iritsiko da, eta berriz ere, zapuzgarria izan liteke ilusiozko iragarpenak. Haientzat bereziki, bistan da.
Izan ere, AHT proiektuak kontrako sektore zabalak izan ditu iraganean. Gaur egun, erresistentzia geratu bada ere, oro har, eta jendarteko sektoreren batek inoiz “ilusioa” izan bazuen proiektu honetan, esan dezakegu, balizko ilusioa hori ahituta dagoela hein handi batean. Bizkaian eta Gipuzkoan gai sozialak eta beharrizanak dira herritarren lehentasuna.