226,52 milioiko aurrekontuarekin, Eusko Jaurlaritza arduratuko da Abiadura Handiko Trenaren Bilboko sarrerako eraikuntza proiektua idazteaz.
2019. urtean Eusko Jaurlaritzak aurreikusi zuen 2023rako Abiadura Handiko Trenaren (AHT) obrak amaituta egongo zirela eta 2024an jarriko zela martxan. Baina etengabe luzatu dira epeok. Gobernu Kontseiluak astearte honetan baimendu du Espainiako Trenbide Azpiegituren Aministratzailearekin (Adif) adostutako hitzarmena, eta Jaurlaritzaren esku egongo da Basauri eta Abandoko geltokira arteko tren zatiaren proiektua idaztea, baita zati bereko lanak egitea eta zuzentzea ere. 2026an hasiko dira obrak eta 2033rako amaituko direla aurreikusten du Jaurlaritzak.
6,2 kilometroko tunel bat izango da, dagoeneko amaituta dagoen Galdakao-Basauri zatia eta Bizkaiko hiriburuko geltokia lotuko dituena. 226,52 milioiko aurrekontuarekin gauzatuko da. AHTren geltoki berria egungoaren azpian egin nahi dute, baina hori ere garapen-fasean dagoen beste proiektu baten parte da, eta Idom ingeniaritzari dagokio.
Iñaki Arriola EAEko Garraio Sailburuak adierazi du “pausoz pauso” joango direla eta garrantzia handia emango zaio lehendabizi Adifekin akordioa formalizatzeari. Sailburuaren esanetan, bi urteko beharko dituzte proiektua idazteko eta Jaurlaritzak espero du 2026. urtean ekitea eraikuntzari. Bukatu bitartean, 2027rako Euskal Y-a jar dezaketela uste du Arriolak, behin-behineko geltokiak eraikiz Basaurin eta Gasteizen.
Gipuzkoako zatia
Eusko Jaurlaritzak gogoratu du dagoeneko amaituta daudela lan gehienak Bergara eta Donostia arteko Gizpukoako zatian, eta Hernani eta Astigarraga artekoaz gain, Donostiako geltoki berria eraikitzea ere falta dela. Arriolak dio bi ora horiek 2024an eta 2025ean amaituko direla, hurrenez hurren.