argia.eus
INPRIMATU
“Abertzaletasunetik haragoko” independentismoaren aldarria Durangon, Espainiako Konstituzio egunean
  • “Euskal estatu demokratiko eta sozialaren alde bildu gara hemen” adierazi du Txutxi Ariznabarreta Independentistak sareko kideak, azken urteotako joerari eutsiz abenduaren 6an Durangon egindako manifestazioaren hastapenean. "Espainiar Konstituzioa Herrien kartzela. Gora Euskal Errepublika!" izan da aurtengo goiburua.

ARGIA @argia 2017ko abenduaren 06a
Manifestazioaren hasiera, Durangoko Landako gunearen ondoan. (Arg.: Independentistak)

“Euskal Herriak ez du etorkizunik, ez eta burujabetzarako inolako aukerarik, Espainiako Estatuaren barruan egonda”, Ariznabarretaren berbetan. Alternatiba bakarra euskal errepublika demokratiko eta soziala eraikitzea dela gaineratu du.

Durangoko Landako gunetik abiatuta ehunka lagun bildu dituen manifestazioaren ondoren, gaur 39 urte bete dituen Espainiako Konstituzioaren balizko erreforma izan du hizpide Maite Aristegik mobilizazioren osteko hitzaldian. Haren esanetan, iruzurra besterik ez dira horri buruzko iragarpenak; izatekotan, aldaketak okerrerako liratekeela adierazi du Independentistak-eko kideak.

“Abertzaletasunetik harago doan” euskal mugimendu independentzia zale erraldoia eraikitzeko deia egin die Aristegik, “demokrazian, justizia sozialean eta askatasunean” oinarritutako etorkizuna nahi duten guztiei. Deialdi horrek argiro ematen duen mezuan ez ezik, manifestazio guztian zehar agerikoa izan da Kataluniako haizearen eragina, bai ikurretan, bai hango ordezkaritzan.