argia.eus
INPRIMATU
Abertzaleek zirt edo zart egin behar dute bigarren itzulian
  • Abstentzioa azpimarragarria izan da udal hauteskundeotan. Ipar Euskal Herrian eta Estatuan hamar herritarretik seik eman dute boza, zortzik ematen ohi baitute. Ipar Euskal Herriko hiri handiko auzapezak izendatu gabe anartean. Hautagaitza abertzaleen emaitza onek bigarren itzulian (martxoaren 30ean) trenkatu dezakete herri askotako udalbatza.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2014ko martxoaren 24a
Baionako Jean-Claude Iriart hautagaia, abertzaleen emaitza onen adibideetako bat.

Iparraldeko herri txikietan eta barnealdean parte-hartzea ohikoa izan da: herritarren %80k eman du botoa. Abertzaleek emaitza onak eskuratu dituzte, eta zentroko hautagaiak jalgi dira garaile oro har. Beste datu bat,  hauxe: herri askotan hautagai anitzek botoen %10 gainditu dute. Hautagai horien jarrerak baldintzatuko dituzte bigarren itzuliko emaitzak.

Baiona, Miarritze, Angelu

Lapurdiko hiriburuan bozen %10 erdietsi dute Jean-Claude Iriart buru duten abertzaleek, inoizko emaitza onena. Etcheto sozialistak  %35 eta Etchegarayren zentro-eskuinak %30. Bozen parekotasunak bigarren itzuli hertsia iragarri dute. Iriarteren jarreraz beste,  eskuineko Durrutyrena (%19) ere ezagutu behar da auzapez berriaren izena ezagutzeko.

Miarritzen UMPko Max Brissonek auzapez izateko xantza guztiak dauzka. Veunac zentristarekin bat eginen du ziur aski. Hartara, aise gaindituko dute hirugarren geratu den Lafite sozialista. Angelun ere gibelera egin du auzapez Jean Espilondo sozialistak, bozen %36 lorturik. UMPko Claude Olive (%45) izan daiteke auzapez berria, Jamattitte Mortalena zentrista euskaltzalearen (%10) sostengua jaso lezake. Abertzaleen emaitzak eskasak izan dira Angelu eta Miarritzen. Oro har abertzale moderatuek –jeltzaleen ingurukoak– zentro-eskuineko hautagaitzen alde egin ohi dute.  

Donibane Lohizune, Hendaia...

Lapurdiko beste hiri eta hiri handietan kontrastasun nabariak daude. Abertzaleak oro har ongi atera dira Hendaia, Urruña, Ziburu edota Donibane Lohizunen. Areago, Uztaritzen Bruno Carrere abertzaleak bozen %38 lortu du. Auzapez izan liteke. Hendaian Iker Elizalde buru duten abertzaleek erabaki dezakete Battitte Salaberrik auzapez aulkian (%29) segitzea edo ez. Kotte Ezenarrok bozen %37 erdietsirik, duela lau urte galdu zuen aulkia berreskura lezake. Ezenarro izan da Ipar Euskal Herrian aurretik atera den hautagai sozialista bakarra. Lehia borrokatua eta hertsia izanen da. Gainerakoan, herri eta hirietan, Donibane Lohizune, Urruña, Ziburu edota Hazparnen zentro-eskuineko hautagaiek aginduko dute. Konparazionera, Kanbon (Vincent Bru) eta Itsasun (Roger Gamoy) auzapezak hautatuak izan dira jada lehen itzulian. Abertzale moderatuen (EAJ-PNB) sostenguak eragin handia du Lapurdiko herri hauetan, hainbat hautagai joera horretakoak baitira.

Baxenabarre

Jean-Michel Coscaratek gidatutako  Aitzina Baigorri hautagaitza garaile izan da Baigorrin, bozen %53 eskuraturik. UMPko Jean-Baptiste Lambert ez da auzapeza honezkero. Donibane Garaziko auzapez Alphonse Idiart eskuindarrak karguan segituko du, 15 aulkietatik 13 bereganatu ditu 945 bozekin. Xabi Larre abertzaleak, ekologisten laguntzaz, 305 boz  erdietsi arren, 2 aulki baino ez ditu lortu. Boz sistemaren ondorioa da hori. Emaitza ona da edonola ere. Donapaleuko auzapez Jean-Jacques Loustaudaudinek bozen %49,84 eskuraturik, berretsia geratzeko zorian geratu da, bozen %50 behar baita. Bigarren itzulian ezagutuko da auzapezaren izena. Abertzaleek bozen %14 erdietsi dute. Charles Massondo da beste hautagaia. Abertzaleek tinko negoziatzeko parada irabazi dute.

Zuberoa

Mauleko Mixel Etxebestek ez du auzapez aulkia bereganatu lehen itzulian, duela lau urte ez bezala. Louis Labadot komunistak bozen %31 bildu du. Beñat Elkegarairen zerrenda ezker abertzale eta ekologistak %14. Matias Davant sozialistak ere  ehuneko bertsua lortu du. Denek dute bigarrenean aurkezteko aukera, beraz, Etxebestek negoziazio zorrotz eta hertsiak izanen ditu. Atharratzen, Sohütan eta gainerako herrietan zerrenda independenteak  garaile jalgi izan dira. Zerrendok ideologien amalgama dira. 

Herri Elkargoak eta Estatua

Lapurdin, Baxenabarren eta Zuberoan orobat, Herri Elkargoen hautetsien izendapenak airean eta jokoan daude. Bigarren itzuliko negoziaketak biziki borrokatuak  izanen dira. Trenkatzeko bi gune  daude gainera: Herriko udalbatzak eta Herri Elkargoak .

Azkenik, deskribapen honen atzean estatu mailako argazkiaren kolore batzuk paratu daitezke: abstentzio historikoaz beste, Marine Le Penen eskuin muturreko Front Nationalen emaitza historikoek Estatuaren beraren egonkortasuna zalantza jarri dute. UMP alderdi eskuindarraren ahultasunaren adierazle dira, zentristen aldian aldiko arnas une, eta Françoise Hollanderen politikaren  porrotaren erakusle.