“Korsikarentzat” koalizioak botoen %56,5 lortu ditu. Abstentzioa %47,4koa izan da. Korsikeraren ofizialtasuna, preso politikoentzako amnistia eta estatutu berria dira legegintzaldirako erronkak.
Ez da sorpresarik egon Korsikako hauteskundeetan. Duela astebete bozketaren lehen itzulian egin bezala, Gilles Simeoni (Egin dezagun Korsika) eta Jean-Guy Talamoniren (Korsika libre) koalizioak botoen %56,5 lortu ditu. Abertzale eta independentistek osatzen dute zerrenda. Gobernu berria urtarrilaren 1etik aurrera jarriko da martxan.
Bigarrenak eskuindar erregionalistak izan dira, botoen %18,29 lortu ditu Jean-Martin Mondoloniren zerrendak. %12,67 lortu ditu Jean-Charles Orsucci Frantziako presidentearen babesa zuen hautagaitzak. Azkenak, errepublikanoak izan dira, botoen %12,57rekin.
Abertzaleak indarra hartzen ari dira Korsikan. 2015eko hauteskundeetan gehiengo absolutua lortzeko zorian egon baziren, oraingoan ganberaren bi herenak eskuratu dituzte. Independentziaren bidea ordea, momentuz alde batera utzia dute. Datozen hiru urteetan autonomia estatutu berria negoziatu nahi dute Frantziarekin. Legegintzaldi honetarako helburuak dituzte, Korsikeraren ofizialtasuna eskuratzea, preso politikoentzako amnistia eta espekulazio urbanistikoari aurka egiteko legedia onartzea.
Aurreko itzulian baina baxuagoa izan da abstentzioa, hala ere bozkatzera deituta zeuden 233.575 herritarretatik 110.639k ez dute parte hartu.