argia.eus
INPRIMATU
Bidaiatzeko ere eragozpen da euskara
Abertzaleak Madrilera, euskararen zamarik gabe
  • Bidaiatzeko ere eragozpen da euskara. Madrilera abiatzeko ari dira prestatzen alderdi abertzaleak ere. Hartu ditut alderdi abertzaleen Espainiako hauteskundeetarako ekipajeen zerrendak, hots, egitarauak, eta horratx emaitzak.

JJ Agirre 2016ko ekainaren 21

Bidaiatzeko ere eragozpen da euskara. Espainiako hauteskundeak bertan, Madrilera abiatzeko ari dira prestatzen alderdi abertzaleak ere. Horretarako oinarrizko lanak egin beharra dago: nondik joan, nola joan eta, batez ere, zer eraman, ekipajea traba handia gerta daiteke eta, ondo aukeratu ezean.

EAJk hamar kapitulu eta dozenaka ataletan antolatu du egitaraua. Euskararen lekua? %0,1 ere ez. Ez dago euskarari eskainitako ez kapitulurik, ez atal zehatzik. 5. kapituluko lehen atalean aipamen bakarra: “Irakaskuntzaren komunikazio hizkuntza euskara izatea balio bezala bereziki babestea”. Hori da pragmatismo ariketa hori!

EH Bilduren ekipajea arinagoa da. Zenbait gai orokor, eta hainbat atal gai bakoitzaren barnean. Euskararen lekua? Ez da %1era heltzen. EAJrenean bezala, ez dago euskarari eskainitako ez kapitulurik, ez atal zehatzik.

Aipamen batzuk egiten zaizkio euskarari, hala ere: “Hizkuntza-etorkizunarekin zerikusia duten herritarren erabakiak kontuan har daitezen …”. “EAEko eta Nafarroako herritarren eskubide... eta hizkuntzaren arlokoak babestu eta errespetarazteko". Euskara Ordenantzen kontrako errekurtsoen gainekoa, eta LOMCEren harira, beste aipamen bat zeharka. Dezenteko pragmatismo ariketa EH Bildurena ere.

Eskuko ekipajea

Hegazkinetan eta, ekipaje nagusiaz gain eskukoa ere eramaten utzi ohi dute. Aukera hori probestuz, proposamen bat luzatu nahi nieke gure herriaren lehen lerroko ordezkarioi. Eskuan eraman ditzatela:

Bat: Espainiako Parlamentuan euskaraz jarduteko debekuaren aurkako txertoa: Parlamentu horretan egokituko zaizkien hitz txanda guztietan euskaraz jarduten saiatuz gero, litekeena da unionisten euskararen aurkako anticuerpo direlakoek etsi, eta duintasunaren aldeko borroka bat irabaztea. Gainera, ariketa hori oso ondo egokitzen zaizkie batzuen eta besteen izaera politikoari: pase foralari JELtzaleen kasuan, eta desobedientziari, ezker abertzalearenean.

Eta bi: Espainiako Konstituzioaren 3. artikulua aldatzeko proposamena. Bertan ezartzen zaigu “espainiar” guztioi, gaztelera jakiteko betebeharra.

Ondo legoke, betebehar hori euskarara, eta Espainiako Estatuko beste hizkuntza baztertuetarako ere hedatzea, zein bere eremuan, “berdintasun” apurrik eskuratuko badugu inoiz.

Ongi ibili daitezela beraz Madrilen, eta ea tarteka euskaldunokin gogoratzen diren!

Jonjo Agirre Martinez.
(Hizkuntza normalizaziorako teknikaria da Eusko Jaurlaritzan)