argia.eus
INPRIMATU
Aberria egin zuten milaka emakume abertzaleren memoria berreskuratzeko lanetan dihardute Irunen
  • 1922tik II. Mundu Gerra artean Emakume Abertzaleen Batzak bildutako 23.000 emakumeren historia laburbiltzen duen erakusketa antolatu dute Irunen.

Antxeta Irratia 2023ko martxoaren 28a

EAB 100 urte. Emakumeak Aberria Eginez izeneko erakusketa horri esker, sare feminista eta euskaltzale horretan bereziki Irunen aritu ziren emakumeen historia berreskuratzeko ikerketa abian jarri du Gaurko Andreak Berdintasun Elkarteak. Izan ere, Irungo lantaldea 1932an eratu bazen ere, 300 emakumek osatu zuten, eta 36ko gerraondoko erbestean Ipar Euskal Herritik lanean aritu ziren emakume haien memoria berreskuratu nahian dabiltza.

Euskal kultura atxikitzeaz gain, gerra denboran goseari eta pobreziari ongintzatik aurre egiten aritu ziren, emakume espioiak ere bildu ziren sarean, eta emakumeen bozka eskubidea borrokatzeaz gain, gerraren bigarren lerroan parte aktiboa izan ziren, gerra-erizain lanetan Belgikan edota dokumentazioa faltsifikatu eta abertzale, sozialista eta komunistak erbesteratzen lagunduz.

Miarritzen izenpetutako garaiko agiriak ere aurkitu dituzte erakusketan ikusgai daudenak. Irene Kastezubi, elkarteko kideak azaldu digunez, momentuz Irungo zazpi emakume identifikatu ahal izan dituzte, eta Irungo Batzokian egindako argazki batetan ageri diren beste emakumeak identifikatzeko laguntza deialdia luzatu dute.

Erakusketa, Irungo EAJ alderdiaren IdeiaLeku egoitzan ikusgai da ostirala arte, goizeko 10:30etatik 13:00era eta 17:30etatik 20:00ak arte.