Euskal Herria Batera plataformak dei egin du Aberri Egunaren bueltan antolatutako Udaberriko ikurraldia ekimenarekin bat egiteko, nork bere erara, "herritarron esku baitago euskal komunitatearen ospakizuna antolatzea eta ikurrak lau hazietara banatzea". Aurten beteko dira 90 urte Bilbon lehen Aberri Eguna ospatu zela.
Maitena Diribarren irakasleak eta Irantzu Perello abokatuak luzatu dute deia, Bilbon eskainitako prentsaurrekoan. Apirilaren 17an ospatuko da Aberri Eguna, eta asmoa da egun horretan norberak bere aletxoa jartzea etxetik, menditik edo edozein tokitik, taldean edo bakarka. Aurten protagonismo berezia emango zaio "munduan zehar barreiatuta dagoen euskal komunitate globalari".
Aberri Eguna "mugarria" izan daitekeela diote, "etorkizun komunitario berriekin bidea eraikitzen hasteko. Izan ere, ez baita ahaztekoa, une historikoetan Aberri Egunak euskal komunitatea elkartzeko eta balioan jartzeko izan duen gaitasuna".
[#AberriEguna2022 apirilak 17]
Euskal komunitatearen eguna antolatu eta keinu bat #BATERA egiteko garaia heldu da?
Hasi da #ikurraldia!
Euskal Herritik mundu zabalera eta buelta,
diasporan barrena.
Batu eta zabal dezagun
gure herria lau haizetara! pic.twitter.com/VUmPPRWyea
— Euskal Herria #Batera #AberriEguna2022 (@aberrieguna2022) February 20, 2022