“Guztion etorkizuna jokoan dago. Heldu independentziari” lelopean Aberri Eguna antolatu dute Independentistak sareko kideek. Apirilaren 5ean, igandea, Iruñean ospatuko dute Aberri Eguna, zortzi puntako izar berdea ikur izanen dutelarik.
"Gero eta nabarmenagoa da Euskal Herriaren etorkizuna jokoan dagoela. Krisi ekonomikoari, ustelkeriari, inboluzio politikoari eta eskubideen murrizketei, babes sozialaren eta zerbitzu publikoen deusezteari, langabeziari, pobreziari aurre egiteko etorkizuna Euskal Herriarena izan behar da", adierazi du Txutxi Ariznabarreta Independentistak sareko kideak.
Gizarte eragileengandik jaso duten babesa eta laguntza nabarmendu dute. Egun osoko egitaraua prestatu dute. Eguerdian manifestazioa Golem zineetatik irtengo da eta Sarasate pasealekuan ekitaldi batekin amaituko da. Horretaz gain, herri bazkaria, haurrentzako Irrien Lagunen ikuskizuna eta musika izanen dira. Aurten, 50 taberna baino gehiagok eta hainbat peñak ekimenarekin bat egin dute. Gainera, taberna horiek, musika, animazioa eta ikuskizunak eskainiko dituzte arratsaldean eta gauean beren lokaletan.
Herritarrei bertaratzeko gonbita luzatu diete: “Beldurrik gabe, lotu zaitez herritar libreen herri libre horretara eramanen gaituen independentziaren izar berdera, herritar zoriontsuen Euskal Herrira eramanen gaituena”.