Independentistak sareak martxoaren 27an Aberri Eguna antolatuko du Iruñean. "Euskal komunitateak munduan presentzia duen toki guztietan" egun hau ospatzea bultzatuko du.
Aldarrikapena eta ospakizuna uztartu nahi dituzte egun osoko egitarauarekin: eguerdian manifestazioa eta ekitaldi politikoa egingo dituzte eta, ondoren, ospakizunak segida izango du gauera arte Iruñeako kaleetan zehar, hedabideetara bidalitako oharrean adierazi dutenez.
"Aberri Egun zabal eta parte-hartzailea" antolatzea da Sarearen asmoa, "sigla eta familia politikoetatik haratago, independentista guztiek aniztasunean elkarturik" ospatzeko deia egin du.
Jakinarazi dute datozen asteetan kaleratuko dituztela 2016ko Aberri Egunaren inguruko hausnarketa politiko zabalagoa, egitaraua eta zehaztasunak.
Nazioartean ere ospatzeko deia
Mundu zabalean zehar zabalduta dagoen euskal komunitatean gora doa Aberri Eguna ospatzen den tokien kopurua urtez urte, adierazi dutenez. Independentistak sareak dinamika hori bultzatuko du munduko herrialde ugaritako sarekideen bitartez.
Sarea antolaketa lanetan sartuta dago jadanik eta martxoaren 27ko erronkari elkarlanean aurre egiteko deia luzatu die independentista guztiei.