argia.eus
INPRIMATU
Aberri Egun bakarra, hamaika deialdi
  • Aurtengo Aberri Eguna apirilaren 16an ospatuko da, eta gutxienez lau deialdi egin dituzte hainbat alderdi, mugimendu eta herritarrek.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko apirilaren 11
Aberri Eguna Iruñean.

Hilaren 26 Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrena izango dela eta, gertutasuna baliatzea erabaki dute Independentista Sareak eta Gernika Batzordeak. Aberri Eguna Gernikan ospatzeko deialdia zabaldu dute, “hausnarketa sakona egin eta urratsak zehazteko unea” delako. “Euskal Herriarentzat ere argi dago zein den alternatibarik onena: estatu propioa eratu eta lehen Euskal Errepublika Independentea proklamatu”, azaldu dute zabaldutako oharrean. Eguerdiko 12:00etan hasiko da manifestazioa Udaletxeko Plazatik eta Pasealekuan amaituko da ekitaldiarekin. Jarraian bazkaria eta ospakizunak izango dira Pasealekuan.

Independentistak Sarearen ikuspegia konpartitzen duten hainbat herritarrek, bestalde, Uztaritzen ere antolatu dute Aberri Eguna. 11:00etan hasiko dituzte manifestazioa eta ekitaldia, eta ondoren bazkaria eta kontzertuak izango dira. Antolatzaileek “historikotzat” jo dute eguna, Frantziako iraultzatik lehen aldia baita Ipar Euskal Herriak instituzio propioa duela.

Askatasunaren Bidean, Euskal Ekintza eta Euskal Herriko Komunisten ustez, berriz, Aberri Eguna “egun folkloriko hutsa, eta zentzurik txarrenean ‘normalizatua’” bilakatu da. “Aberri Eguna berriz ere borroka eguna izan dadin”, Herri Batzarra antolatu dute eguerdiko 12:00etan Durangoko Andra Mariaren elizako arkupean: “Kolektiboki eztabaidatuko dugu gaur egungo egoeraz eta denon artean erabakiko zer egin Euskal Herri Langilearen askapen nazional eta sozialaren aldeko borroka guztiak indartzeko”.

EAJk ere Bizkaian ospatuko du Aberri Eguna, Bilbon. Lehen, orain eta beti, aberria! lemapean, mitina egingo dute 11:30ean Plaza Berrian. EAJko buruzagi Andoni Ortuzarrek esan du egun berezia dela, diktadura frankista ostean —1977an— egindako lehen asanbladaren urteurrena betetzen baita.