Gipuzkoako Foru Aldundiaren Fortuna Handien Gaineko Zerga onartu zuten atzo Batzar Nagusietan Bilduren, Aralarren eta PSE-EEren aldeko botoekin. EAJk eta PPk kontrako botoa eman zuten. Miloi bat euro baino gehiagoko ondasunak dituzten gipuzkoarrek ordaindu beharko dute zerga berria urtarriletik aurrera.
7.000 inguru dira Fortuna Handien Gaineko Zerga ordaindu beharko duten gipuzkoarrak. 44,64 milioi euro jasotzea aurreikusi du Aldundiak, iaz baino 8,7 milioi gehiago.
Helena Franco Ogasun diputatuak adierazi du ondare zerga erabat aldatu dela: “Zerga berriak gogo-berdintasuna eta progresibotasuna bermatzen dituelako, gutxi batzuen interesak lehenetsi gabe”. Hemendik aurrera ondare zerga “egiazko” aberatsek ordainduko dutela gaineratu du.
EAJ eta PPren erreakzioa
Itziar Agirre EAJko alderdikideak zerga berriaren aurkako jarrera azaldu zuen: “Ongizatea familia enpresek ekartzen digute gipuzkoarrei. Zerga eraso zuzena da Gipuzkoako jarduera ekonomikoaren aurka. Gipuzkoako ehun ekonomikoari kolpe hilgarria emango zaio gaur hemen”. PPko Juan Carlos Canok ere “eraso zuzena” hitzekin azaldu zuen zergen inguruan zuen iritzia.
Enrique Martinez Bilduko kideak erantzun bera eman zien bi alderdiei: “Krisi garaian ez da sakrifizio orekaturik izan orain arte. Beste herri batzuetan fortuna handiak zergapetu dituzte; hemen ez. Injustizia susmoari aurre egin behar diogu”.