Badira ia hamar urte Warren Buffetten ateraldi bat mundu guztian zehar ezaguna egin zela. Esan zuen bere idazkariak baino zerga gutxiago ordaintzen zuela, aberatsen mesederako dauden zirrikitu eta kenketa fiskalei esker.
Artikulu hau Manu Robles Arangiz institutuak euskaratu du New York Times egunkaritik.
Esaldi hark eztabaida piztu zuen, zerga-sistema bidezkoa ote zen. Azkenean, adituak ados jarri ziren: Buffetten egoera gorabehera, amerikar aberats gehienek ez omen zuten klase ertainak baino zerga tasa txikiagorik ordaintzen. “Hori al da normala? Ez”, erantzun zuen faktuak egiaztatzen dituen Politifact webguneak.
Haatik, baieztapen hori eguneratu egin behar da: Egoera hori normala da gaur.
Zergen historia deskribatzen dute lehia bat bezala: batzuk aberatsei zergak ordainarazi nahi dizkiete, eta besteek, aberats horien ondasuna babesten saiatzen dira
Datuak biltzen direnetik lehenengo aldiz 400 amerikarrik aberatsenek iaz guztira –hots, federazio, estatu eta tokiko kargak kontutan hartuz– zerga-tasa txikiagoa ordaindu zuten beste edozein errenta taldekoek baino, azken datuen arabera.
Hori aldaketa gogorra da 50etako eta 60etako hamarraldietatik hona; orduan aberatsek klase ertainetako jendeak edo pobreek baino askoz zerga handiagoak ordaintzen zituzten.
Ordutik hona aberatsenentzako zerga handienak –esaterako, higiezinen edo sozietateei dagozkienak– zeharo jaitsi dira, eta zergak saihestea ohiko kontua bilakatu da.
Honekin zerikusia du ere Trump presidenteak 2017an ezarri zuen zerga jaitsierak, batik bat aberatsentzako oparia izan zena. Hari esker 400 familiarik aberatsenen zerga-tasa ia beste edonorena baino apalagoa izatera iritsi zen.
XX. mende erdialdera zerga altuen aldekoak nagusi ziren. AEBetako zerga-kodea ziurrenik munduko progresiboena zen, errenta altuenentzako %91ko tasarekin; sozietateen zerga %50etik gorakoa
400 familiarik aberatsenen guztirako zerga-tasa iaz %23koa besterik ez zen izan. Honek esan nahi du zerga guztiak batuta beren sarreren laurdena baino gutxiago ordaindu zutela. Aldiz, guztirako tasa %70ekoa zen 1950ean eta %47koa 1980an.
Klase ertaineko apaletako familientzat, berriz, errealitatea ezberdina da. Hauentzat errenta-zerga federalak ere jaitsi dira piska bat, baina ez dute inolako onurarik izan sozietateen edo higiezinen gaineko zergen jaitsiera medio. Eta orain garai batean baino kotizazio sozial handiagoak ari dira ordaintzen (zeintzuk Medicare eta Gizarte Segurantza finantzatzen duten). Guztira, talde hauentzako zergak bere hortan geratu dira gutxi gorabehera.
Azken emaitza da azken 75 urteetan AEBetako zerga-sistemaren progresibitatea asko murriztu dela.
Honi buruzko datuak atera ditut aspaldian gobernu-politikari buruz irakurri dudan libururik garrantzitsuenetik: “The Triumph of Injustice”, zeina datorren astean argitaratuko den. Egileak Emmanuel Saez eta Gabriel Zucman dira, Kaliforniako Berkeley unibertsitateko irakasleak; biek lan aitzindariak egin dituzte fiskalitateari buruz. Saezek 40 urtetik beherako ekonomilari onenei ematen zaien saria jaso zuen eta Zucman Bloomberg BusinessWeek aldizkariaren azalean “aberastasunaren detektibe” gisa aurkeztu zuten
Bien artean datu-base historiko bat eraiki dute, zeinak aztertzen dituen diru-sarrera maila ezberdinetako familiek ordaindutako zergak 1913tik aurrera, errenta-zerga federala hasi zenetik alegia. Kontatzen duten istorioa amorragarria da, baina baita energia txute bat emateko modukoa ere.
“Jende askok uste du ezin dela ezer egin,” esan zidan Zucmanek. “Baina guk kontrakoa uste dugu, hori ikuspuntu okerra dela: begira historiari”. Hala idatzi dute liburuan: “Jendarteek nahi duten progresibitate fiskal maila hauta dezakete”. AEBetan aberatsenen zerga-tasak igo eta diru-bilketan zinezko ahalegina egin denean arrakasta lortu da.
Eta berriro izan dezake arrakasta.
Saezek eta Zucmanek Estatu Batuetako zergen historia deskribatzen dute lehia bat bezala: batzuk aberatsei zergak ordainarazi nahi dizkiete, eta besteek, aberats horien ondasuna babesten saiatzen dira. Istorioa XVII. mendean hasi zen, Iparraldeko koloniek Europakoak baino zerga-sistema progresiboagoak sortu zituztenean. Areago, Massachusettsen aberastasunaren gaineko zerga ere ezarri zen, besteak beste finantz-aktiboak, lursailak, itsasontziak, bitxiak, aziendak etab.
Aitzitik, hegoaldeko koloniak zergapetzearen kontra zeuden. Plantazioetako jabeak beldur ziren zergak esklabotzaren aurka joan zitezkeela, akziodunen aberastasunari erasanez, Robin Einhorn historiagileak azaldu duen moduan. Horregatik saiatu ziren zerga-tasak apalak izan zitezen, eta diru-bilketa, ezdeusa. (Finean Konfederazioaren zergekiko kontrako jarrerak eragotzi egin egin zion dirua bildu eta Gerra Zibila borrokatzeko ahalmena).
XX. mende erdialdera zerga altuen aldekoak nagusi ziren. AEBetako zerga-kodea ziurrenik munduko progresiboena zen, errenta altuenentzako %91ko tasarekin; sozietateen zerga %50etik gorakoa zen.
Baina XX. mendeko bigarren erdian zerga apalen aitzindariek garaipena lortu zuten. Enpresek kenketa gehiago eta zergei itzuri egiteko moduak bilatu zituzten. Politikariek murriztu egin zituzten aberatsenek ordaintzen zituzten zerga guztiak: errenta altuenentzako zergak, inbertsioaren eta higiezinen gaineko zergak eta sozietateen zerga. Hau justifikatzeko ohiko azalpena zen hori ekonomia guztiaren onerako izango zela.
Haatik, gero ikusi zen justifikazio hori okerra zela. Aberatsei, baina soilik eurei, ezin hobeto joan zaie azken hamarraldietan. BPGaren hezkundea pattala izan da, eta klase ertainaren diru-sarreren hazkundea, are okerragoa.
Argi dago AEBetako ekonomia ez doala hain ondo aberatsentzako zerga-tasak apalak direnean eta desberdintasuna izugarria denean. Hala zen Depresio Handian amaitu zen garaian, baita duela gutxi ere. Kontua da errenta altuenen zergak gehitzearen xedea ez dela aberatsak zigortzea (izan ere, hauek aberats izango dira gero ere). Beste zerbait lortu nahi da, amerikar gehienentzat hobeto funtzionatuko duen ekonomia izatea.
Beren liburuan Saezek eta Zucmanek zerga-kode moderno progresibo bat marrazten dute. %1 aberatsenarentzako guztirako zerga-tasa bikoiztu egingo litzateke, %60raino. Zerga igoera honek urtean 750.000 milioi dolar inguruko diru-bilketa ekarriko luke, hau da, BPGaren %4; hau nahikoa litzateke haurtzaindegi sistema unibertsala, azpiegitura programa bat, medikuntza ikerketa, energia garbia etab. ordaintzeko. Hauek dira ekonomiaren hazkundea bultzatzen duten politikak.
Agendaren atal nagusia da gutxienez %25eko sozietate zerga ezartzea mundu guztian. Enpresa batek zerga ordaindu beharko luke AEBetan izandako etekinen arabera, bere egoitza nagusia Irlandan zein Bermudetan egonagatik ere. Saezek eta Zucmanek aberastasunaren gaineko zerga bat ere aldezten dute; Elizabeth Warrenen1 bertsioaren oinarria haien lanean datza. Eta Publikoa Babesteko Bulegoa sortzea proposatzen dute, IRSak2 zerga-saihestea borrokatzeko aukera izan dezan.
Aldez aurretik badakit ahots kritiko batzuk argudio honi buruz zer esango duten: aberatsek beti topatuko dutela zergei itzuri egiteko bideren bat. Baina hori ez da horrela. Noski, zerga batzuk beti saihestu ahal izango dituzte. Baina historiak erakusten digu zerga gehiago biltzeko zinezko ahaleginek arrakasta izan ohi dutela.
Galde iezaiozu hau zeure buruari: Aberatsenei zergak ordainarazteko saioak benetan alferrikakoak balira, zergatik jokatzen dute hain gogor saio haien aurka?
1 Elizabeth Warren lehiatzen ari da AEBetako presidentetarako hautagai demokrata izateko.
2 Internal Revenue Service, AEBetako ogasuna.