“Euskal presoen Luhuso” izatea nahi dute antolatzaileek Pariseko manifestazioa. Euskal presoentzako eta senideentzako “salbuespen egoera bukatzea” izango da Parisera eramango duten mezu nagusia: euskal presoen hurbiltzea, gaixo direnak askatzea, eta baldintzapeko askatasunak eta zigor moldaketak onartzea eskatuko diote Frantziako Gobernuari.
Mobilizazio sinboliko batetik harago, mugarri izango den ekitaldi bat izatea nahi dute antolatzaileek. Helburua lortzeko, hurrengo bi hilabeteak “presio lan gisa” ulertzen dituzte. Euskal Herriko herritarrei dei egiten diete Frantziako Gobernuak ikus dezan “gehiengo soziala” erronkari aurre egin nahian dabilela. Autobusak eta tren bereziak ari dira antolatzen ahalik eta jende gehien biltzeko. Artistentzat dei berezia egin dute: “ikusiak” eta “entzunak” izateko. Hautetsien sostengua ere funtsezkotzat jo dute bakegileek, eta herrietako kontseiluetatik Europako Parlamenturainoko hautetsien sostengua behar dutela nabarmendu dute.
Bakegileek txalotu egin dute pasa den astean Europako Parlamentuko gehiengo nagusiak hainbat estatutan erabiltzen den urruntze politika gaitzetsi izana.
Pariseko manifestazioa Frantziako Estatuko presondegien itzuliaren ostean izango da. Sare, Etxerat eta Bagoaz dira deitzaileak. Azaroaren 16an hasi eta hiru astez Frantziako hogei kartzela bisitatuko dituzte. Reaugo, Fleuryko eta Fresnneseko presondegietan geldialdi bereziak egingo dituzte Parisera iritsi aurretik.