argia.eus
INPRIMATU
Adinekoen egoitzetatik ekingo diote txertatzeari Nafarroan, abenduaren 27an
  • Egoitzetan bizi den adineko jendea izango da txertoa hartuko duen lehen populazio taldea. 2021. urteko lehen hiruhilabetean, 36.000 pertsona txertatzea espero da. Hiru fasetan gauzatuko dute txertaketa.

Jone Markuleta @JMarkuleta 2020ko abenduaren 24a
(Argazkia: Eitb)

COVID-19aren aurkako txertaketari ekingo diote abenduaren 27an Nafarroan. Egoitzetan bizi den adineko jendea izango da txertoa hartuko duen lehen arrisku taldea. Iruñeko El Vergel egoitza izango da COVID-19 txertoa jartzeko kanpainaren abiapuntu, eta modu progresiboan jarraituko dute txertaketa gainerako zentro soziosanitario publiko eta pribatu guztiek. Urtarriletik otsailera bitartean, zahar etxeetan bizi diren eta egoitzetan lan egiten duten hainbat profesionalei txertoa jartzea espero da. Lehenbiziko fasean, Nafarroako Osasun Departamentuak 36.000 pertsonari txertoa jartzea aurreikusi du. Fase horretako txertoak Pfizer enpresakoak izango dira.

Txertoak, modu mailakatuan

Hiru fasetan antolatu dute txertaketa. Lehen fasean txertoa hartuko dute zahar-egoitzetako egoiliarrek eta langileek. Bigarren faseak berne biltzen ditu 64 urte baino gehiago dutenak, leku itxietan lan egiten dutenak eta egoera sozioekonomiko kalteberan daudenak. Azken fasean, aldiz, txertoa jarriko zaie arrisku taldeetan ez dauden helduei, gazteei, nerabeei eta haurrei.