argia.eus
INPRIMATU
Abenduaren 21ean onartu nahi du Pfizer txertoa Europako Medikamentuaren Agentziak
  • Hainbat herrialderen presioaren ondorioz, Pfizer-BioNTech txertoa onartzeko eguna abenduaren 29tik 21era aurreratu du Europako Medikamentuen Agentziak, “enpresari eskatutako datuen ebaluazioak emaitza egokiak emanez gero”. Egun gutxira baimenduko luke txertoaren merkaturatzea Europar Batasunak.

ARGIA @argia 2020ko abenduaren 15a

Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek eman du berria, nahiz eta Alemaniako hainbat egunkarik iragarria zuten aurreratu egingo zela txertoa onartzeko data. Behin txertoak Agentziaren oniritzia jasota, gutxi gorabehera hiru egun geroago baimenduko litzateke txertoaren merkaturatzea Europar Batasunean, eta beraz, urtea amaitu aurretik hasiko lirateke lehenengo txertaketak.

Agentziatik argitu dute txertoaren inguruan enpresari eskatu dizkion datu gehigarriak ebaluatu eta horri buruz hitz egiteko bilera 21era aurreratu dutela, eta dena egoki ikusiz gero, onartu egingo dutela txertoa. Beharrezkoa izanez gero, abenduaren 29ko data mantenduko dute.

“Ebaluazioa ahal bezain lasterren egingo du Europako Medikamentuen Agentziak, txertoaren kalitateari, segurtasunari eta eraginkortasunari buruzko datuak nahikoa sendoak" direla eta “txertoaren onurak arriskuak gainditzen dituela” ziurtatzeko, azaldu du erakundeak.