argia.eus
INPRIMATU
Abenduaren 16an BEC-en eskainiko du kontzertua Hertzainak taldeak
  • Barakaldoko kontzertuaz gain, Gasteizen ere joko du taldeak urtarrila hastapenean, formatu "bilduagoan". Urriaren 5ean jarriko dituzte BECeko sarrerak salgai.

ARGIA @argia 2022ko irailaren 29a
Hertzainak taldea (Argazkia: L. Saragueta)

Oholtzara itzuliko da Hertzainak taldea, azken bi kontzertu ematera. Bata, abenduaren 16an Barakaldoko BEC erakustazokan eta bestea 2023 hasieran, urtarrilean. Azken asteetan zabaldu den albisteari buruzko zehaztapenak plazaratu dituzte ostegunean emandako prentsaurrekoan. "Azkena gure alde" izena jarri diote birari eta taldeak zehaztu duenez, beste talde batzuk ere arituko dira emanaldietan. Horrez gainera, taldearen lagunak ere igoko dira oholtzara.

Urriaren 5ean jarriko dituzte Barakaldorako sarrerak salgai, eta 29, 40 eta 45 euroan. Gasteizkoari buruzko informazioak geroago jakinen ditugu. Hala ere, jakin formatu "bilduagoan" izanen dela Arabako kontzertua.

Hertzainak taldea 1981ean sortu zen. Hasiera batean Xabier Montoia zen taldeko abeslaria, baina hark 1982an utzi zuen M-ak sortzeko eta mikrofonoa hartu zion Garik. Sei disko argitaratu zituen taldeak:'Hertzainak (1984), Hau dena aldatu nahi nuke (1985), Salda badago (1988), Amets prefabrikatuak (1990), Zuzenean (1991) eta Denboraren orratzak (1992). 1993an eskaini zuten azken kontzertua, Donostiako Anoeta kiroldegian.

Duela hiru urte, Josu Zabalak eta Garik Bilboko Kafe Antzokian lehenik eta Euskalduna jauregian gero bitan eskaini zuten agur kontzertua, eta orduan sortu zitzaien benetako azkena Gasteizen egiteko ideia, taldearen jatorrizko kide gehiago ere gonbidatuz.