argia.eus
INPRIMATU
Iztueta esnekiak
Abeltzaintza eta transformazioa uztartzen dituen familia proiektua
  • Herrietako betiko esne banatzaileak aspaldian hasi ziren galtzen, baina Iztuetako kideek  jakin dute haien produkzioa eta salmenta modua garai berrietara egokitzen. Oinarrian, baina, filosofia bera izaten jarraitzen dute: denboran iraungo duen ekoizpen jasangarria egitea.

Garazi Zabaleta 2021eko otsailaren 18a

1925ean sortu zen Iztueta esnekien proiektua Lazkaon, eta Insausti sendiko hainbat belaunaldi pasatu dira bertatik. Eñaut Sala Insausti eta Marije Insausti ama-semeak daude gaur egun proiektuaren atzean, hirugarren eta laugarren belaunaldia alegia. Eñaut Salak horrela kontatu du: “Amak beti kontatu izan du txikia zenean esnea banatzera astoarekin jaisten zirela kalera”. Berak ere gogoan du nola ibiltzen zen umetan amarekin etxez etxe esnea banatzen. Herrietako betiko esne banatzaileak aspaldian hasi ziren galtzen, baina Iztuetako kideek  jakin dute haien produkzioa eta salmenta modua garai berrietara egokitzen. Oinarrian, baina, filosofia bera izaten jarraitzen dute: denboran iraungo duen ekoizpen jasangarria egitea.

Esnetik jogurt eta izozkietara

35-40 bat behi dituzte Iztueta baserrian, etxean jaio eta hazitakoak guztiak, eta larreetan bazkatzen izaten dituztenak. “Animalien ongizateari eta ingurumenarekiko errespetuan lan egiteari asko begiratzen diogu gure eguneroko jardunean”, azaltzen du ekoizleak. Bere aurrekoek esnea ekoitzi eta zuzenean saltzen zuten, baina 1993an, esne gordina poltsaratzen hasi ziren. 2004ean, pauso bat gehiago eman eta esnea pasteurizatzeari ekin zioten, eta 2009an berriz, EAEko lehen esne makinak jarri zituzten Ordizian, Lazkaon eta Beasainen.

Zuzeneko salmenta egiteko bide berrien bila aritu dira urte hauetan guztietan Iztuetako kideak. Esnea poltsaratzen hasi zirenean ukuiluan esnetokia handitu eta jogurtak eta izozkiak egiten hasi ziren 2015ean. “Tradizioa eta berrikuntza uztartzen saiatzen gara, produktu artisauak egiten, baina teknologia berriak ere erabiliz”. Jogurt naturala, marrubizkoa eta muxika eta marakuiazkoa ekoizten dituzte, eta izozkietan, berriz, bost zapore dituzte aukeran: banilla, jogurta, txokolatea, limoia eta hurra. Carlos Arribas Zarauzko izozkigile ezagunarekin ikasi zuen prozesua Salak. Horiez gain, orain gazta zabalgarria ere egiten dute; naturala eta ezpeletako piperrarekin egina. Esnekiak lantzeko orduan (jogurtak, gasna zabalgarria...) Leartiker zentru teknolojikoarekin egiten dute lan.

Kontsumitzailearekin zuzeneko harremana

Kalean esnea saltzetik beste forma batzuk hartzen joan badira ere, zuzeneko salmentari garrantzia handia ematen jarraitzen dute Iztuetan. “Guk garbi dugu baserriak aurrera ateratzeko salmenta zuzena egin beharra dagoela, erosten duenak baserritarrekin zuzeneko harremana izateak asko laguntzen baitu” dio Salak. Salmenta puntuak ia Gipuzkoa osoan dituzte. Esne makinak aldiz, Lazkao, Beasain eta Ordizian (etxetik 2minutura). Haien ohiko salmenta puntuak denda txikiak dira baina baita supermerkatu batzuk ere.

Baserrian bertan ere badute salmenta puntu txiki bat, eta bizilagunek eta Iztuetan antolatzen dituzten bisita gidatuetara joaten diren herritarrek hor dute produktuak erosteko aukera: “Ate irekiak egiten ditugu baserrian, gure egunerokoa eta lan egiteko modua erakustea gustuko dugulako. Hiriko eta baserrietako jendea elkartzeko modu ona dela uste dugu”, amaitu du.