argia.eus
INPRIMATU
Abeltegiako gazteek espazio “ko-gestionatua” proposatu diote Aspace eta Nafarroako Gobernuari
  • Ekainaren hasieran okupatu zuten hamabost gaztek Baztango “hizkuntza murgiltze zentroa”. Zazpi urtez hutsik egon eta gero Aspaceri utzi nahi dio orain eraikina Nafarroako Gobernuak.

ARGIA @argia 2017ko ekainaren 15a

Audio bidez igorritako oharrean, Lekarozko "Abeltegian" dauden gazteek erakina okupatu zutenetik hona gertatutakoaren euren ikuspegia eman nahi izan dute eta administrazioaren asmoei erantzun diete.

Azaldu dutenez, eraikinari “zazpi urtetan ez dio inork begiratu ere egin” eta eurek “kolorea” eman diote alternatiba bat planteatuz. Hala, hiru zutabetan banatutako proiektu “parte-hartzailea” dute esku artean: barnetegia, landa eremua eta aisialdia.

Nafarroako Gobernuak eraikina Aspaceri uzteko asmoa du hitzarmen baten bidez, honek urtean aste batzuetan erabili dezan antolatu ohi dituen udalekuetan.

Nafarroako Lur eta Etxebizitzaren sustapenerako Nasuvinsa sozietate publikoaren kudeatzaile Jose Maria Aierdiri proposamena helarazi diote gazte okupek, Aspacerekin espazio ko-gestionatu bat elkarbanatzeko aukera planteatuz, biak “bateragarriak” direlako, eta eraikinaren mantenua ere euren gain hartzea eskaini dute.

“Nafarroako etxebizitza hutsek sorturiko kongestioa libratzeko ko-gestioaz ari gara, ez gara ezer asmatzen ari, posible da” diote gazteek oharrean. Zentzu horretan, “ausardia” edukitzeko eskatu diote Nasuvinsako kudeatzaileari.

Diario de Noticias-ek zabaldu duenez, une honetan Gobernua zain dago epaileak kautelazko deslojoa agindu dezan. Erran.eus atariak berriz, esan du gazteak desalojatzeko Gobernuaren eskaria atzera bota zuela hasiera batean epaileak eta horren ordez ekainaren 20an epaiketa azkarra egingo dute.

Gazteek honela erantzun diote asmo horiei: “Proiektu serio bat aurkeztu bitartean ez gara hemendik joanen, epaile batek guri arrazoia kendu arte ez gara hemendik joanen, epailearen sententzia iluna etortzean gu alaiki aterako gara, egin duguna ondo dagoenaren konbentzimendu osoz”.

Ostiralean, hilak 18, "pizza-potea" eta kontzertuak antolatu dituzte udako programa kulturalari hasiera emateko.