argia.eus
INPRIMATU
Abelin Linazisoro zendu da, 79 urte zituela
  • Goenkalen antzezle gisa egindako lanagatik zen ezagun Linazisoro. Antzerkian ez ezik, literaturan, euskalgintzan eta bikoizketa lanetan ere aritu zen.

ARGIA @argia 2022ko otsailaren 23a
Argazkia: Baleike

Otsailaren 23an hil da Abelin Linazisoro (Zumaia, 1942) aktore, idazle eta euskaltzalea. ETBren Goenkale telesailean ezagutuko zuen gehiengoak Linazisoro, 1993an hasi eta zazpi urtez gorpuztu baitzuen Xatur pertsonaia.

Gazterik lotu zitzaion antzerkigintzari, eta Zumaiako kultur mugimenduan murgildu, Baleikek jaso duenez. "Antzerkigintzan eta bereziki zinemaren munduan lan asko egin zuen herrian: zine-forum saioak antolatu zituen 19 urterekin, 70eko hamarkadan Aita Mari zinemarekin batera sortu zen zine-forum taldean parte hartu, Ostarrena taldea bultzatu, eta abar".

Antzerkilari gisa ez ezik, bikoizketa lanetan ere jardun zuen, baita AEK-ko irakasle gisa ere. Eta euskal literaturaren alorrari ere egin zion ekarpenik, hiru eleberri kaleratuz: Axun (1995, Susa), Iraganean galdua (2001, Txalaparta) eta Aitortza (2005, Txalaparta).

Baleike aldizkariak 2004 eta 2009 artean hedabidearentzako egindako lana ere ekarri nahi izan du gogora. Gure Zumai zarra atalean "xehetasun handiz" jaso zituen adineko hemezortzi zumaiarrek kontatutakoak.

Ahotsak.eus egitasmoaren baitan elkarrizketa egin zioten bere garaian Linazisorori, eta bideoan jasota eta ikusgai daude hainbat pasarte.

1995ean elkarrizketa egin genion ARGIArako. Hemen duzue irakurgai: