argia.eus
INPRIMATU
Abdallah askatzearen alde agertu arren Parisko dei auzitegia, ekainaren 19ra atzeratu dute epaia
  • Baldintzapeko askatasunaren alde agertu bada ere Parisko dei auzitegia, ekainaren 19ra atzeratu du epaia, Georges Ibrahim Abdallahk ez dizkielako kalte-galerak ordaindu AEBei. Baldintzapeko askatasunaren alde agertu zen azaroaren 15ean Frantziako Zigorrak Aplikatzeko Epaitegia, baina helegitea jarri zuen terrorismoaren aurkako fiskaltzak. Frantziako presondegietan 40 urte preso daramazkiela, Europako preso politiko zaharrena da.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2025eko otsailaren 20a
Georges Ibrahim Abdallah, kartzelako bere gelan. Free Georges Abdallah

Oraindik ere preso segituko du –behintzat ekainera arte– Georges Ibrahim Abdallah Palestinaren aldeko militante libanoarrak. Frantziako presondegietan 40 urte preso daramazkiela, Europako preso politiko zaharrena da. Otsailaren 20 honetan ematekoa zuen Abdallahren askatzeari buruzko erabakia Parisko dei auzitegiak, baina epaia ekainaren 19ra atzeratzeko erabakia hartu du. Hain zuzen, baldintzapean aske uztearen alde agertu bada ere epailea, atzeratu egin du erabakia, Abdallahk ez dizkielako kalte-galerak ordaindu AEBei.

"Arrarotzat" jo du epaia Jean-Louis Chalanset abokatuak, eta "AEBen presiopean makurtu izana" deitoratu du. Orain arte, Abdallahk ez ditu AEBei ordaintza horiek bideratu nahi, Palestinan zein bestelako herrietan amerikarrek bideratu politika inperialistak ez dituelako onartzen. Epaia jakin bezain laster ondokoa azaldu du abokatuak: "Abdallahk eta ni neuk beti erran izan dugu Palestinako eta Libanoko umeen gainera bonbak bidaltzen dituen AEBei ez dizkiegula inoiz kalte-ordainik bideratuko". Ikusteke dago orain zer nolako jarrera hartuko duen preso libanoarrak, hain zuzen, orain artean ez bezala, askatasuna lortzeko baldintzen artean jarri diotelako AEBei dirutza bideratzearena.

1999az geroztik baldintzapean aske egon badaiteke ere, 1984az geroztik dago Frantziako presondegietan, behin eta berriz errefusatzen diotelako askapena. Palestinaren askatasunaren aldeko militantea, Libanoko Frakzio Armatu Iraultzailearen sortzailea izan zen, eta diplomazialari israeldar eta amerikar bana hiltzeaz akusatua da. Inoiz ez ditu bere gain hartu atentatu horiek, baina bere ideia politikoak ez ditu sekula isildu: antiinperialista suharra da. Abdallahk bizi duen gehiegikeriaren berri eman zuen ARGIAk Abdallah: Israelen lagun amerikarrek kartzelan hilik nahiko luketen libanoarra erreportajean.

Elkarrizketa Kazeta.eus-en

"Erresistentzia bidezko kausa da, eta kartzelak ez du nehoiz nire borroka eten. Kartzelan nago, baina ez delituak egin ditudalako, preso politiko bat naizelako baizik. Jakina, ez da erraza hainbeste urte hetsirik bizitzea, baina horrek ez du nire engaiamendua ahuldu. Aitzitik, nire borrokak aitzina jarraitzen du nire kontzientziaren eta sinesmenen bidez. Kartzelan, ez diot inoiz zapalduen kausa defendatzeari utzi".

Horra zer dioen Abdallahk, Irati Esparza Guimon Kazeta.eus-eko kazetariari eskainitako elkarrizketan. Berrogei urte horietan "esperantza inoiz ez galdu izana" eta "duintasunez aurre egin izana" aipatzen dizkio kazetariari. Kanpotik jaso izan duen elkartasuna ere eskertzen du: "Kartzelako giro ilun eta hertsian, bizitzaren oihartzuna heltzen denean, eguneroko egonaldi hil horrek beste kolore bat hartzen du... Momentu batez bada ere, interesik gabeko giza harremanen edertasuna eta indarra berraurkitu ditut, elkartasuna, kartzela-zulo hauetan hainbeste urte iragan ondotik ere, miseria kultural eta afektibotik bizirik dirautenak. Gogo eta gizatasun iratzartze hori ez da oharkabean pasatzen".

Palestinak bizi duen okupazioaz eta genozidioaz ere luze eta zabal mintzo da: "Palestinako egoera oraindik lazgarria da, AEBko eta Israeleko inperialismoak bizitzak suntsitzen jarraitzen du, baina herriek azkenean garaipena lortuko dutela sinesten dut. Egunen batean, historiak epaituko gaitu". Itxaropena atxikitzen du, berak dioenaz, Palestinak pairaturiko egoerari buruzko kontzientzia "geroz eta handiagoa" delako, baita nazioarteko elkartasuna "hazten" ari delako ere.