Hainbat herritarrek futbol taldeari jokalariaren fitxaketa etetea eskatu dio, Paul Abasolo sexu erasoengatik zigortua baita. Udalak ez du halakorik onartu, baina fitxaketa irizpideez gogoeta sakona egiteko eskatu dio futbol taldeari.
EH Bilduk Portugaleteko talde feminista baten izenean aurkeztu zuen mozioa. Haren arabera, Portugaleteko futbol taldeari eskatzen zitzaion Paul Abasolori kontratua etetea. PP, PSE-EE eta EAJk mozioaren aurka bozkatu zuten, antza EH Bilduk mozioan jokalariaren izen-abizenak erabili zituelako. Dena dela, osoko bilkurak bost puntuko adierazpen instituzionala onartu zuen aho batez, besteak beste fitxaketa politikaz hausnarketa sakona egiteko eskatu zioten taldeari, baita gogoan izateko ere hurrengo denboraldian hirugarren mailan jokatuko zuela eta erantzukizun soziala daukala.
Osoko bilkuran herritarrek protesta egin zuten sexu erasoengatik zigorra jasoa duen jokalaria herriko futbol taldean dagoelako.
Ertzaintzak 2007ko abenduan atxilotu zuen Paul Abasolo (Durango, 1984), Irungo Real Union futbol taldeko jokalari zela. Abasolori bost delitu sexista leporatu zizkioten: lau sexu eraso eta bortxaketa bat. Handik bost hilera, 30.000 euroko fidantza ordainduta, espetxea utzi eta futbolera bueltatu zen.
2010eko maiatzean Bizkaiko Auzitegian epaitu zuten eta hiru abusu larrirengatik zigortu zuten. Epaiak hiru urte eta hiru hileko espetxe-zigorra ekarri zion. Espainiako presidente Zapateroren azken Ministroen Kontseiluak indultatu egin zuen. 1995eko Zigor Kodeari jarraiki epaitutako sexu erasotzaile bakarra indultatu du Espainiako Gobernuak.
ARGIAk 2012ko apirilean epaiketaz eta indultuaz erreportajea argitaratu zuen. Lotura honetan duzue irakurgai.