Ana Almandoz eta Maite Leturia Abaraska etxebizitza elkarteko kideak dira eta baita Juntura kooperatibako arkitektoak ere. Komunitatean bizi liburuaren harira, erabilera lagapeneko etxebizitza kooperatibei buruzko solasaldia eman dute. Etxebizitzaren oinarria ere izan baitaitake jabetza kolektiboa, indibiduala beharrean. Eta bizi osorako politika publikoko eredua behar lukeela aldarrikatzen dute, ez gaztaro edo zahartzarorako proiektu puntuala. Ba al zenekien munduan zehar duela 100 urte baino gehiago zabaldutako eredua dela?
Jarraian jaso ditugu ideia nagusiak, baina edukia osorik bideoan ikusentzun daiteke.
ANA ALMANDOZ: Euskal Herrian bagara erabilera lagapeneko etxebizitza kooperatiben eredua sustatzen ari garen talde batzuk. Abaraska Donostian sortutako taldea da eta era informalean sortu zen, hainbat kezkatatik: etxebizitzara sarbidea izateko gero eta zailtasun handiagoak zeuden Donostian, jabetzara iristen ez ginenoi alokairuak ez zigun inongo bermerik ematen, alokairuak ere turismoaren eta beste hainbat faktoreren ondorioz aldaketa handiak jasaten dituelako. Bestetik, elkarbizitza aldetik bazirudien berriz ere itzulera bat zetorrela, hau da, bikotean eta familia nuklearraren inguruan bizitza antolatzeko eredua orokortzen ari zela. Bartzelonara begira jarri ginen, han Laborda proiektua martxan zegoen eta ikusten genuen beste eredu bat posible zela. Hasieran era informalean eta jende gutxiren artean sortutako kezka batetik, inguruan jendea biltzen joan ginen eta Bartzelonako esperientziarekin harremanak izaten, hango pauso batzuk hemen ematen saiatzeko.
MAITE LETURIA: Bertako taldeon artean ezberdintasunak badira, baina eredu honen ezaugarri nagusia jabetza da: eraikinaren jabetza norbanakoena izan beharrean, kooperatibarena da eta bertako bizilagunak kooperatibako bazkide izango gara. Edozein kooperatibatan bezala, bazkide bakoitzak hasierako ekarpen bat egiten du, eta hilero kuota bat ordaintzen du. Kuota hori eraikina eraikitzeko edo birgaitzeko erabili behar izan den dirua itzultzeko erabiltzen da, baita etxebizitzaren mantenurako eta beste hainbat gastutarako ere. Eredu honek bilatzen du etxebizitzaren gaineko espekulaziorik ez egotea, etxebizitza lege guztietan teorian oinarrizko eskubide bat bada ere, praktikan argi geratzen baita ez dela horrela. Eredu honek alternatiba bilatzen du, jabetza norbanakotik kolektibora pasatuz, etxebizitza merkatuko produktu izan beharrean, oinarrizko eskubide bat dela bermatu ahal izateko.
Abaraskaren kasuan, Bartzelonan aurrera eramaten ari diren ereduari eutsi diogu guk, hau da, zoru publikoan eraiki nahi dugu etxebizitza, horrela eredua izan dadin eta ez kasu isolatu bat.
A. ALMANDOZ: Ezaugarri zuzena jabetza kolektiboa da. Hortik aurrera, badira proiektu bakoitzak izan ditzakeen beste plus batzuk, ez direnak zuzenean erabilera lagapenaren ezaugarri zuzenak: Abaraskaren kasuan, zoru publikoan izatea. Edo ikusten dugu elkarbizitza lantzea interesatzen zaigula, eta aukera baliatu nahi dugula beste elkarbizitza eredu bat erraztuko duten espazioak diseinatzeko hasieratik, eta taldeak diseinuan parte hartuta. Etxebizitza normaletan, jendea dagoeneko diseinatuta eta eraikita dauden espazioetara joaten da bizitzera. Abaraskan taldeak nahi dituen espazioak sortzea da diseinu parte-hartzailearen helburua.
M. LETURIA: Arkitekturatik asko ari da lantzen zer den hiria, nolako hiriak nahi ditugun: oinez ibili gaitezkeen hiriak izan daitezela, eta zaintzak partekatu ahal izateko bestelako hirigintza bat egitea, zeinetan denentzako espazioak egongo diren eta zaintza esparru guztietan eta denon artean egin ahal izango dugun eta ez etxe bateko zoko batean. Horrela, zaintzak ikusarazten badira denon artean egin ahal izateko.
Erabilera lagapeneko ereduak bokazio publikoa du, espazio publikoa eta espazio pribatua (etxea) nahastuko diren tarteko espazioak sortuz: eraikinean dagoen komunitate zentzua auzo mailara pasatzea da asmoa. Horregatik, zoru publikoan eraikitzea aldarrikatzen dugu, batetik, kasu isolatu beharrean eredu izan dadin, horrela administrazioak daukan ezintasunaren aurrean etxebizitza eskubidea bermatu ahal izateko: babes ofizialeko etxebizitzak ez dira era onena etxebizitza publikoak sustatzeko, zeren erosketan zentratzen dira, eta une batean babes ofizialeko etxea eros dezakezu baina denbora batera asko hobetu daiteke zure egoera ekonomikoa eta beste bati utzi beharko zenioke leku alokairuan, baina administrazioak ez du gaitasunik hori bultzatzeko. Beraz, erabilera lagapeneko etxebizitza kooperatibek aukera ematen dute etxebizitza soziala bultzatzeko, administrazioari ia inongo gasturik eragin gabe eta komunitateak sustatzen duelarik horrelako etxebizitza. Eta bestetik, arkitektura aldetik zaintza sustatu dezake bai komunitate barruan espazio elkarbanatuak sustatuz, eta bai auzoan eta hirian tarteko espazioak sortuz eta aktibitate sozioekonomikoak eraginaz.
A. ALMANDOZ: Arkitektura eredua egungoaren alderantzizkoa litzateke: orain bogan dauden beheko solairu lorategidun horiekin itxiturak kalera eraman ordez, hiriarekin lotura bat izatea litzateke helburua, sartzeko-irteteko gune bat izatea eta ez kalearekin eten bat. Gure ereduan alderantziz da, bilatzen dena da ahalik gehien nahastea besteekin, auzora irekita egotea eta auzoa ere eraikinera sartzea.
M. LETURIA: Abaraskan ariketa dibertigarria egin genuen: lur publikoa eskatzen dugunez, bertan biziko garenak babes ofizialekoen baldintzak betetzen ditugun pertsonak izan beharko genuke. Zer espazio komun izan nahiko genituzkeen definitzeko, hasi ginen babes ofizialeko etxeek dituzten araudiak eta espazio motak begiratzen. Babes ofizialeko etxebizitzek gutxieneko eta gehieneko metro koadro kopuruak dituzte, logela kopuruen arabera. Marjina horren baitan gure komunitateari zenbat gehitu nahiko geniokeen aztertzen aritu ginen, espazio komunitarioak sortzeko.
Administrazioek sustatzen dituzten legeak arkitektonikoki oso zurrunak dira, oso espezializatutako espazioak definitzen ditu (logela, sukalde edo egongelak) eta horrek ez du aukerarik ematen espazio indefinituak sortzeko. Bide bat litzateke hain zurruna izango ez den araudia sustatzea, bai hiria eta bai komunitatea biltzen diren tarteko edo trantsizio espazioak gure etxebizitzetan ere izateko, zaintza errazteko. Garbi ikusi da itxialdian etxean lan egin eta ingurukoak zaindu behar izan ditugunean, espazioak zein urriak ziren, zurruntasuna dela-eta. Udalez udal araudia aldatu dute, orain balkoi bat egin ahal izateko bakoitzak bere etxean, gehienezko neurriak jarriz. Espazio konpartituak ditugula pentsatuz gero, norberak bere balkoi txiki ziztrina izan beharrean, 20x40 metro koadroko terraza izan dezakegu guztiontzat, orientazio ona duena. Araudiak egiterakoan hausnarketa komunitarioak kontuan izatea oso garrantzitsua da, beti erortzen baikara norbanakoen espazio indibidualetan.
A. ALMANDOZ: Abaraskan ikusi dugu oso garrantzitsua dela diseinua etxebizitzaren oinarrian dagoen taldearekin ongi lantzea. Bi prozesuek paralelo joan behar dute, bestela diseinuak oso gaizki erantzungo die taldearen beharrei. Eraikin osoaren diseinuaren kontrola izan dezakegu eredu honekin, aldiz, era konbentzionalean etxea erosten dugunean eraikin enpresak etekinaren araberako diseinua lehenetsiko du. Adibidez, etxebizitza kooperatiban denen artean erabakitzen da ea energia aurrezteko sistemak jartzen inbertitu nahi den, luzera talde horrek jasoko baititu etekin ekonomiko horiek.
Horrelako proiektuak ezin dira ulertu inguruko beste eragile batzuen laguntzarik gabe, eta horiek ekonomia sozial eraldatzailekoak izan beharko lukete: aholkularitza teknikoak, juridikoak, ekonomikoak, arkitektoak... proiektu hauen inguruan unibertso bat sortzen da, ekonomia mugitzen duena.
M. LETURIA: Bartzelonan ikusi dugu sormen handia dagoela legegileen aldetik eta bai ekonomialarien aldetik, Espainiako Estatuko araudia ez dagoelako prestatuta horrelako proiektuak martxan jartzeko. Hau da, zailtasunak daude, baina helburuak argi edukita eta formatuz gero, egin daiteke, Bartzelonan egin duten bezala, edo munduan zehar egin duten bezala.
Zeren gauza berria dirudi, edo zerbait puntuala dela, baina ez da hala: etxebizitza kooperatibak Danimarkan 100 urtetik gora doaz horrelakoak sustatzen, eta etxebizitzen %30 kooperatibak dira han.
Uruguayen oso eredu sozial indartsua sustatzen dute, hamar urtean pasa dira 100 etxebizitza kooperatiba izatetik 10.000 izatera, beraz, argi dago administraziotik sustatzen denak eragin handia duela, zerbait puntuala izan beharrean eredu indartsu izan dadin, jende askori benetan laguntzeko etxebizitza soziala sortzen.
Frantzian ere badaude, Alemanian ez dira zehazki kooperatibak izaera juridiko hori beraien sisteman ez datorrelako ongi, baina beste forma juridiko bat izanik ere helburu berak dituzte, espekulazioak ez izatea, produktu izatetik eskubide izatera pasatzea, komunitatearen harremana sustatzea...
Erresuma Batuan kooperatibez gain bigarren mailako kooperatibak daude, hau da, kooperatiben kooperatibak: helburuak garbi edukitzea da hauen funtzioa, kooperatibek beren izaera galtzea galeraztea.
Hemen hutsunea dago: araudiak bermatuko balu administrazioak horrelako eredua sustatu eta bere baldintzak jarri ahal izatea, errazagoa litzateke, nondik nora jo pentsatzen aritzea baino, hori ere lana baita eta zaildu egiten baitu prozesua.
Baina munduan zehar erabilera lagapeneko etxebizitzak existitzen dira, ez dira gauza berria, eta hona ekartzea ez litzateke hain zaila izan beharko.
A. ALMANDOZ: Euskal Herrian hainbat talde bagaude, baina inork ez du lortu oraindik azken fasean sartzea, hau da, elkarbizitzen hastea. Oraingo panorama nahiko anitza da: talde guztiak ez daude gu bezala lur publiko baten zain. Beste talde batzuek erabilera lagapena bilatzen dute baina lursail pribatu batean, eta beraz, ez dira ari administrazioarekin negoziaketan. Landa eremuko hainbat talde daude horrela, hirietako taldeak aldiz gehiago dira publikotik jotzearen aldekoak. Talde batzuk intergenerazionalak dira baina beste asko ez haiek adineko jendeari zuzenduta daude.
M. LETURIA: Adinarekin lotzea, salbuespenezko proiektu gisa ulertzearen ondorio da. Gaztea zarenean edo zaharra zarenean alternatiba bat bilatzea bezala da, ez eredu publiko gisa ulertzea.
A. ALMANDOZ: Horrek adierazten du ez duzula politika publikoetan aintzat hartzen. Mezua da, "orain gaztea zara eta ez duzu dirurik, baina gero sartuko zara etxe bat erostera", edo "orain zaharra zara eta zure etxea handi geratu zaizunez, zoaz zure adinekoekin bizitzera". Planteamendu integrala izan beharko luke.
M. LETURIA: Adinekoen kasuan zaintza eredua jartzen dute mahai gainean, baliabide berdintsuak behar izan ditzaketen pertsonak izan daitezkeelako elkarbizitzan. Baina aberatsena litzateke eredu oso bat izatea, intergenerazionala, zeinetan zaintza bizilagunen artekoa izango den eta denboran zehar etorkizuna izango duen, zaharrak joan ahala beste batzuk etorri daitezen, eta ez bat-batean denak falta izatea eta gero kooperatiba horren etorkizuna kolokan geratzea. Naturalena eta arruntena behar luke denontzako etxebizitza gisa ulertzea, ez garai zehatz baterako esperimentu bezala.
M. LETURIA: Formazio aldetik, udal bateko teknikariarengana bazoaz, haiek ere ez dakite zertaz ari zaren, ez dakite nondik-nora jo. Ez dituzte erremintak. Eredua sustatu nahi bada borondate politikoa behar da teknikariei erreminta horiek jartzeko.
A. ALMANDOZ: Abaraskan konturatu gara lan bikoitza dugula: batetik presio egitea klase politikoari, administrazioari eta abar, eredu hau politika publikoetan sartu dezaten, ez daitezen proiektu puntualak izan. Eta bestetik, eredua zabaldu eta ezagutarazi behar dugula, ahalik eta horrelako proiektu gehiago sortzeko, izan ere bere ezaugarrietako bat badelako behetik gorako mugimendu batetik abiatzea, eta horrela izaten jarraitu dezan nahi dugu.
M. LETURIA: Ereduaren hedapenerako solasaldi honek balio izan dezala, eta Komunitatean Bizi liburua irakurriz gero, hemen azaldutako hainbat kontzeptu sakonago ulertuko ditu irakurleak.