argia.eus
INPRIMATU
Abandonaturik zegoen Nafarroako Zorokiain herria erosi dute bederatzi familiak
IƱigo Igartua @igartua19 2019ko urtarrilaren 29a
Zorokiaineko bizilagun berrietako batzuk.

Hiriko bizitza utzi eta Zorokiain bezalako herri txiki batera bizitzera joateko erabakia hartu dute bederatzi familiak. Guztira hemezortzi pertsona heldu eta hamar haur dira, Iruñea ingurukoak gehienak.

Duela hiru urte herriko eliza erosi zioten Iruñeko apezpikutzari. “Toki finko bat nahi genuen yoga, erakusketak, bazkariak edo kontzertuak bezalako ekintza desberdinak egin ahal izateko, eta eliza txoko aproposa iruditu zitzaigun” adierazi du herritarretako batek.

Auzolanean eliza eta herriko bazterrak konpontzeko elkartzen dira igandero, baina etxeak eraikitzen ez dira hasi oraindik. Herria urbanizatu behar dute lehendabizi, elektrizitatea jarri edo zolaketa lanak egin besteak beste.

Urbanizazio proiektuaren kudeaketa Untzitibarreko Udalak hartu du bere gain eta Nafarroako Gobernuak lanen zati bat ordainduko du. Proiektua esleiturik dago jada eta aurtengo urterako egitea espero dute.

Zorokiaineko biztanle berrietako batek adierazi duenez, “hirian ikasi dugun autogestioa eta tankerako balioak, naturarekin praktikan jarri nahi ditugu hemen”. Beste herritar baten iritziz, “Iruñekoa eta kaletarra kontsideratzen naiz, baina nire bizitzako momentu honetan ingurugiro honen beharra dut”.

Gaur egun 100 herri hutsik daude Nafarroan eta beste horrenbestek 250 biztanle baino gutxiago dituzte. Azken bost urtetan zortzi herri huts okupatu dira, baina Zorokiaineko kasuan erosi egin dute herritarrek. Ibarrean pozik daude, erroldak gora egin eta herriak bizia hartuko duelako.