Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakitera eman duenez, Jon Anzarena da atzo Okzitaniako Tolosan agertutako hilotza. France 3 kateak Jon Anzarena izan daitekeen gorpua agertu dela zabaldu zuen atzo arratsaldeko albistegian.
Oraindik identifikazio prozesua martxan den arren, Okzitaniako Tolosako gorputegi batean Anzarenak izan litezkeen zantzuak dituen gorpua aurkitu dutela zabaldu zuen telebistak, polizia iturriak aipatuta. Gorpua berea bada, hilabeteak egin ditu gorputegian, ikerketak iraun duen bitartean. Polizia iturriek zabaldu dutenez, iazko apirilaren 29an Tolosako parke batean jaso zuten korderik gabe, eta maiatzaren 11n hil zen hiriko ospitalean. Familiak informazioa tentuz hartzeko eskaria egin du eta gaur goizean abiatu dira Tolosara. Datorren ostegunean hamaika hilabete beteko dira Anza desagertu zenetik.