argia.eus
INPRIMATU
Kataluniako kontsulta ez da alderdiek sinatu zuten gisan egingo
  • Azaroaren 9an ez da independentziari buruzko erreferendumik izango Katalunian. Hori da Artur Mas Generalitateko lehendakariak atzoko bilera luzean alderdi soberanistei iragarri ziena.

Xabier Letona Biteri @xletona 2014ko urriaren 14a
Galdeketaren aldeko alderdien batasuna hautsi da Masek A9rako iragarrita zegoen kontsulta atzera bota duenean.

Kataluniako Gobernuaren ustez, Espainiako Estatuaren debekuaren ondoren ez da baldintza nahiko kontsulta behar den berme demokratikoekin egiteko.

Azaroaren 9rako bestelako kontsulta egitea proposatu die Masek alderdiei, Kontsulta Legean debekatutako artikuluak erabili gabe eskola publikoetan hautesontziak jarriz eta galdera berdinak pausatuz egingo litzatekeena.

Masen proposamenak alderdi soberanisten orain arteko batasuna lehertu zuen asteleheneko bileran eta hauetako bakoitzak bere jarrera erakutsi du egoeraren aurrean.

ERCk apurtutzat eman du CiUrekin zuen gobernu ituna, azaldu duenez, egiazko kontsulta gauzatzeko egin baitzuen paktua eta bestelako kontsultarik egiteko itunaren beharrik ez dagoelako.

Alde bakarreko independentzia aldarrikatzea eta prozesu konstituziogilea deitzea besterik ez dagoela adierazi du Junquerasen alderdiak.

Asteleheneko bileran ERCrekin batera altxatu zen mahaitik ICV eta azaroaren 9an manifestazioa egitea proposatu zuen.

CUPek mahaian jarraitu zuen, azaroaren 9an kontsulta egin beharko litzatekeela defendituz.