Artur Mas lehendakariak iragarri duenez, Azaroaren 9an Generalitateak kontsulta alternatiboa antolatuko du eta, alderdi soberanistek adosten dutenean, hauteskundeak aurreratuko ditu, hauek benetako kontsulta bilaka daitezen.
A9ko kontsulta egiteko gobernua ez da Kontsulta Dekretuan oinarrituko eta Autonomia Estatutuak prozesu parte-hartzaileei buruz dituen eskumenak erabiliko ditu, baina ez du zehaztu zeintzuk eta nola. Parte-hartzearen Kontseilu Orokorra antolatuko da herritarren boto ematea antolatzeko eta 16 urtetik gorako herritarrek parte hartu ahal izango dute. 20.000 boluntariok bideratuko dute kontsulta, Generalitateko lokaletan egingo da eta udaletxeei ere laguntza eskatuko zaie. Bertan behera geratu den kontsultarako aurreikusitako galdera berei erantzun ahal izango diete herritarrek: ea Katalunia estatu bihurtzea nahi duten, eta hala bada, ea estatu hau independente nahi duten.
Masek adierazi duenez, hau ez da egiazko kontsulta, baina Gobernuaren helburua parte-hartze ahalik eta handiena ematea da, A9an herritarrak benetako kontsultara begira jartzeko: hauteskunde autonomikoak aurreratuko dira eta izaera plebiszitarioa emango zaie. Data alderdiekin finkatu beharko dela zehaztu du Masek. Zeharka ERCri begira, Masek tinko azpimarratu du etsaia Madrilen dela eta ez Katalunian. Masek, halaber, argi aitortu du hauteskundeak heldu gabe direla oraindik eta orain alderdien artean hitz egin beharko dela zerrenda bateratu bat osatze aldera, hori delako Madrili benetan beldurra ematen diona.