argia.eus
INPRIMATU
A69 autobidearen lanekin jarraituko duela iragarri du Frantziako Gobernuak
  • Autobidearen lanak etetea lortu zuten hiru lagunek egarri greba hasi eta 24 ordutara. Gaia berraztertzeko bilkuraren ondoren, ordea, gobernuak proiektua “bururaino eramatea” erabaki du.

Mattin Azpiroz Pagola 2023ko urriaren 17a
Argazkia: Extinction Rebellion

Joan den astean grebalariek A69 autobidearen lanak etetea lortzea “garaipenaren hastapena” zela adierazi zuen ingurumen ekintzaile Thomas Brailek. Hala ere, ostiraleko bilkuran zer erabakiko zen ikusteko zegoen. Azkenean, Gobernuak iragarri du Tolosa-Castres autobidearen proiektua berretsi dutela: "Azken bururaino eramango dugu proiektua”.

Dozena bat lagunek gose greba hasi zuten joan den irailean, eta pasa den astean hiru grebalarik egarri greba hasi ostean lortu zuten obrak etetea ostiralera arte, behintzat. Egun horretan hartu zuten tokiko hautetsiak biltzen dituen bilkuran behin betiko erabakia. Bertan, A69aren aldekoak, proiektuaren aurkako kolektiboak, zientzialariak eta botere exekutiboak elkartu ziren.

“Legezko ordezkariak diren tokiko hautetsien gehiengo oso zabal batek autobidearen aldeko legea berretsi du”, adierazi du Garraio ministro-orde Clément Beaunek ohar baten bidez. Halaber, bilkuran izandako “elkarrizketa sakon” baten ondoren “indarra legearen eta zuzenbide estatuaren esku” geldituko dela adierazi du.

Bestalde, Tarneko departamenduko kontseiluko lehendakari Christophe Ramondek adierazi du autobidea “behar-beharrezkoa” dela: “Familiek auto bat edo bi behar dituzte egunerokotasunean, gure lurralde menditsuetan ibilgailu bat izatea ezinbestekoa da mugitzeko”.

Proiektuaren aurka hainbat auzibide abiatu dira, oraingoz arrakastarik gabe. Gobernuak adierazi du "zuzenbide araua errespetatua izan dela” prozeduraren urrats guztietan: “Epaileak orain arte baztertu egin ditu proiektuaren aurka jarritako auzi guztiak, baita obrak eteteko eskaera ere. Etete-helegite guztiak aintzat hartu dira eta baztertuak izan dira", argudiatu du gobernuak.

Autobidearen kalteak

Hainbat talde ekologistek salatu dute A69 autobidea “biodibertsitatearentzat guztiz kaltegarria” izango dela. Brailek azpimarratu du proiektuarekin aurrera jarraitzeak ehun urte inguruko pinuak eta platanondoak erauztea ekarriko duela, besteak beste.