argia.eus
INPRIMATU
Ocalan, 25 urte preso eta erabat isolaturik, Espainia eta Europar Batasunaren oniritziarekin
  • 1999ko otsailaren 15ean Abdullah Öcalan atxilotu zuten, Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) eta mugimendu independentista kurduko burua. Turkiako zerbitzu sekretuek Kenyan atxilotu zutenetik, Marmara itsasoko uharte batean dagoen Iämralä-ko kartzelan isolatuta dute.

     

El Salto-Hordago @HORDAGO_ElSalto 2024ko otsailaren 15

Atxilotu zutenean, Kurdistan askatzearen aldeko mugimenduaren liderra zen Öcalan; lurralderik gabeko herri baten autodeterminazioaren alde borrokatzen zen mugimendu bat, Turkia, Siria, Armenia, Irak eta Iranen artean banatua. Siriako ipar-mendebaldean PKK-ko burua eskualdeko ikono bihurtu da ordutik, Rojavako Iraultzarako inspirazio iturri. Esperientzia horrek gerraren erdian elementu feministak, ekologistak, anarkistak, munizipalistak eta demokrazia zuzenekoak uztartzea lortu du.

Joan den abenduan, IACTA abokatu-taldeko eta Bartzelonako Unibertsitateko Zigor Sistemaren eta Giza Eskubideen Behatokiko (OSPDH) kideek Turkia eta Bakur eskualde kurdua bisitatu zituzten, Öcalanen eta beste preso politiko kurdu batzuen egoera bertatik bertara ezagutzeko. Giza eskubideen aldeko taldeekin, kolektibo profesionalekin eta gizarte zibileko elkarte kurduekin bilerak egin zituzten, eta Turkiako espetxeetan giza eskubideak sistematikoki urratzen direla eta preso kurduen aurka tortura erabiltzen dela egiaztatu zuten.

Kartzela publikoetako isolamenduari eta torturari buruzko urteko txostena argitaratu berri da, eta argitalpena bat dator Öcalanen 25 urteko espetxeratzearekin eta hura askatzeko nazioartean egin den deiarekin. Otsailaren 16an, halaber, PKK-ko buruaren eta Turkiako preso politikoen egoerari buruzko konferentzia bat egingo da Europako Parlamentuaren egoitzan.

Txostenak "buruzagi kurduak eta beste preso batzuek Imrali-ko kartzelan dituzten baldintza ankerrak erakusten ditu, isolamendu epe luzeak, familia- eta abokatu-bisiten murrizketak eta kanpo-komunikaziorako sarbide mugatua barne". Orain arte Turkiak ez ditu aintzat hartu nazioartetik egindako salaketa ugariak, hala nola, NBEko Giza Eskubideen Batzordeak egindakoak.

IACTAtik eta OSPDHtik leporatu izan diete Espainiako Estatuari eta Europar Batasunari "ezikusiarena egitea" Recep Tayyip Erdogan presidenteak egindako “gehiegikeriei”. Erakunde horien arabera, Espainiak eta EBk "Erdoganen politika genozida finantzatzen jarraitzen dute, immigrazioaren aurrean Turkiak hesi lana egiten duelako batetik; eta bestetik, NATOk eta hainbat estatutako armadek han base militarrak dituztelako, eta aldi berean, Turkia Europaren eta Asiaren arteko energia-garraiorako ezinbesteko nodoa delako".

Preso politikoen bizimoduaz

PKK-ko buruzagiari biziarteko kartzela-zigorra ezarri zion Turkiak 1999an, "traizio" eta "separatismo" delituengatik. Hamar urtez, Marmara itsasoan izen bereko uhartean kokaturik zegoen Imrali-ko presondegiko preso bakarra izan zen. Hasiera batean, preso bakar bat isolatuta izateko pentsatutako espetxea zen, baina gaur egun, beste bost preso politiko kurdu ere badaude: Hamili Yildirim, Ömer Hayri Konar, Veysi Aktas, Nasrullah Kuran eta Çetin Arkas.

Txostenaren arabera, isolamendu-erregimena "sistematikoki" aplikatzen zaie preso politiko kurduei; hau da, egunean 23 orduz isolatuta daude, eta egoera hori hamarkadetan luza daiteke. Zenbait kasutan, gainera, haien artean ziegatik kanpo harremana izan dezaketen ordu bakarrean ere elkar eragitea debekatzen zaie.

Öcalanen kasuan, Turkiako auzitegien epaiek sarritan mugatu dituzte presoaren bisitak, segurtasun-arazoak argudiatuz. NBEko Torturaren aurkako Prebentzio Batzordeak bederatzi ikerketa egin ditu Öcalanek espetxean izandako giza eskubideen urraketei buruz, eta, kasu guztietan, Turkiako Gobernuak ez ditu aintzat hartu haren egoera hobetzeko emandako gomendioak.

Zentrora egindako azken bisitaren ondoren, 2022an, egindako txostena ez argitaratzea erabaki zuen NBEko Batzordeak; Turkiako Gobernuak horretarako baimenik ez zuela eman argudiatu zuen, baina Öcalanen abokatuen arabera, aitzakia horrek ez du ez hanka ez buru.

Dagoeneko 2003an, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Turkia zigortu zuen Öcalanen eskubideak urratzeagatik, bai epaiketa justu baterako aukera, bai abokatuekin eta familiarekin komunikatzeko aukera ukatzeagatik. Atxilotu eta 2009ra arte guztiz isolatuta edukitzeagatik, halaber, Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 3. artikulua urratu zuela ebatzi zuen auzitegiak 2014an.

IACTAtik eta OSPDHtik salatu dutenez, Öcalan eta beste preso politikoen egoera ez da salbuespenezko zerbait, baizik eta "estrategia planifikatu eta orokor baten parte”. Horrela, kurduen askatasun-mugimenduarekin lotura izateagatik espetxeratutako presoak “epe luzeko isolamendurako bereziki diseinatutako espetxeetan giltzapetzen dituzte”.

Erakundeon esanetan, Turkiako sistema judiziala "estrajudizialki erabiltzen ari da herri kurduaren errepresio politikorako". Terrorismoaren aitzakia, "herri kurduaren borondate politikoa monitorizatzeko eta zapaltzeko erabiltzen da, baita garbiketa etnikorako tresna gisa ere".

[Artikulu hau jatorrizko bertsioan gaztelaniaz zegoen eta ARGIAra ekartzeko itzuli dugu.]