argia.eus
INPRIMATU
A bisfenola susmopeko konposatua elikagai-ontzietatik kanpo nahi du Europako Parlamentuak
  • Europako Legebiltzarrak eskatu du elikagaiak gordetzeko ontzi guztietan A bisfenol izeneko konposatua debeka dadila. Era berean, elikagaien ontziratzean erabiltzen diren substantzia kimikoak zorrotzago arautzea galdatu dute europarlamentariek.

Unai Brea @unaibrea2 2016ko urriaren 12a
Besteak beste, janari-latetan egoten da A bisfenola

A bisfenola –ontzi askoren osagai arrunta– kutsatzaile hormonal edo disruptore endokrinoen multzoko substantzia bat da. Gorputzean sartuz gero, kutsatzaileok gure hormonen portaera imitatzen dute, eta organismoa ez da gai benetakoez bereizteko. Luzera, kalte larriak eragin ditzakete osasunean; honezkero gaitz askorekin lotu dituzte azken hamarkadetan egindako ikerketek, batik bat minbizia eta ugalketa-sistemako disfuntzioak.

A bisfenola kutsatzaile hormonal ezagunenetakoa da, eta aspalditik dago mugatuta haren erabilera. Esaterako, 2011n biberoien osagai modura galarazi zuten Europar Batasunean. Frantzian, berriz, 2015etik guztiz debekatuta dago elikagaien ontziak egiteko erabiltzea.

Orain, Europa osoa Frantziako bidetik joatea eskatu du Parlamentuak. Iragan martxoan, Europako Batzordeak bisfenol kantitatea mugatzea proposatu zuen, baina erabat debekatu gabe. Zehazki, ontzi mota batzuetan kilogramoko 0,6 miligramotik 0,5era jaistea izan zen proposamena.

Ofizialki, Europar Batasunak kutsatzaile hormonal izatearen susmagarriak baino ez ditu aitortzen, oraindik onartzeke baitago substantzia bat multzo horretakoa den ala ez ebazteko prozedura ofiziala, aspaldi indarrean behar bazuen ere. Ustez, datozen hilabeteetan onartuko ditu Europako Batzordeak behin betiko irizpideak. Bestetik, Legebiltzarraren azken eskariaren ondorioz Batzordeak araudi berria idatzi beharko du elikagaien ontziratzean erabilitako substantzietarako.