argia.eus
INPRIMATU
“A”, Arabako familia-upategien ardoa bereiziko duen marka berria
  • ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteko upategiek ekoitzitako ardo botilek bereizgarri propioa izango dute uzta honetatik aurrera. Markaren sustapen kanpaina ere egingo dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiriburuetan. Kontsumitzaileei lagundu nahi diete Arabako ardoak eta oinarrian duten ekoizpen eredua bereizten, tokiko kontsumoa bultzatzeko. Arabako ardogintza “azken hamarkadako krisialdirik larriena” pairatzen ari dela salatu zuen ABRAK iraila hasieran.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2024ko irailaren 27a
ABRA

“Gaur mezu positibo batekin gatoz; norabide argia duen bide berri bat: ABRAko upategi guztiak buru-belarri murgilduko garen proiektu bat”, azaldu dute ABRAko ordezkariek ostegun goizean, Gasteizko merkatuan egin duten prentsaurrekoan. Izan ere, gogoratu dute, aste batzuk lehenago beste agerraldi bat egin zutela elkarteko 80 famili-upategik, “Arabako mahastizaintza eta ardogintza sektorea azken hamarkadatako krisialdirik larriena” nozitzen ari dela salatzeko. Agerraldi hartan iragarri zuten gaur aurkeztuko zutela beren ardoentzako marka bereizgarria.

Urteak dira ardogintzan aldaketa eskatzen duela ABRAk, Errioxa sor-markan agintzen duten upategi eta enpresa handien eredutik aldentzeko. Errioxa sor-markak kantitatea, sektorearen prekarizazioa eta ingurumenaren kaltetzea bultzatzen dituela salatzen dute, Arabako Errioxako famili-upategi eta nekazari txikiak galbidera daramatzana. 2015etik 96 upategi txiki itxi dituzte Arabako Errioxan eta 358 izatetik 262ra pasa dira. 2017an 1,19 eurotan ordaindu zitzaien mahats kiloa nekazariei, eta 2022an 0,71ean. Arabako Mahastiak sor-markak, bitartean, epaitegietan geldirik jarraitzen du. Sektorearen egoera eta ereduen arteko talka azaldu dio berriki ARGIAri ABRAko presidente Itxaso Compañonek, hain zuzen ere.

“A”

“Arabako A, paregabeko ardoen jatorria; ardoaren A, gure upategien arina; eta ABRAren A, eskualdeko mahastizain guztiak batzen dituen ahalegin kolektiboa”. Horrela azaldu dute marka berria, ardoarekin lotutako beste hitz batzuekin ere lotuz, “aroma” edo “azidotasuna” kasu.

“ABRAk esklusiboki erabili ahal izango duen marka bereizgarria izango da, eta Arabako ardoen berezitasuna eta kalitatea nabarmentzea du helburu”. Azpimarratu dute ABRAko kide guztientzako aterpe dela marka berria, elkartearen barruan badirelako adibidez, Errioxa sor-markaren barruan dauden upategiak, zein ez daudenak.

Tokikotasuna bultzatu, kontsumitzailea hezi

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kontsumitzen den ardoaren %12 soilik da Arabako Errioxakoa. Kontsumitzaileak zail du Arabako eta Errioxako ardoak ezberdintzea, eta gainera Errioxako ardo batzuen izenak (Ardanza edo Ramon Bilbao kasu) nahasmendua areagotzen dute. Hori irauli nahi du ABRAk marka berriarekin.

Marka berriaren helburua “kontsumitzaileak heztea” dela azaldu dute Gasteizko agerraldian, “merkatu globalean hobeto bereiziko dela bermatuz”. Horretarako, batetik, hurrengo uztako ardoen botila guztiek eramango dute bereizgarria etiketan. Bestetik, markaren sustapen kanpaina egingo dute Bilbon, Donostian eta Gasteizen.