17:28 ziren, ordu penintsularra, eta negua argitzen zuen ez atzera ez aurrera dabilen errealitate baten oinpeko Katalunian: independentismoak gehiengo osoa dauka, baina eskuburdinak gibelean eta boto espainiarzalea galbanizatu duen indar metafalangista baten presiopean.
Hau da paisajea borrokaldiaren ostean. Egin beharko dira kalkuluak agertoki posibleez, gobernatzeko geometria anitzak antzematen baitira, baina ezin diogu erretrobisoreari begiratzeari utzi, panorama politikoa baldintzatzen duen zerbait baldin badago, hori benetako salbuespen egoera delako.
ERC, JxCAT eta CUPek garaipen pirriko baina izugarri sinbolikoa den hau jasotzen ari ziren bitartean, Guardia Zibilak azken txostena eman zion Pablo Llarena epaileari: azken Diadetako manifestazioak eta 31 kargu publiko sartzen ditu Espainiako Auzitegi Gorena izapidetzen ari den matxinada delituaren parte gisa.
Hauteskunde eguna hasi zen Espetxeetako Zuzendaritzak Oriol Junqueras lehendakariordea zigortzeko erabakiarekin. Estremeran espetxeratua, RAC1 irratiarekin elkarrizketa egin izanagatik bost egunez isolamendua ezarri dio. Eta irakasle eta alkateen kontrako salaketa gehiago egiten ziren bitartean, presoen eta Bruselan erbesteratutako gobernuaren aldeko ikur hori oro kentzen zuen Poliziak espazio publikotik.
Ingurua bortxatzen duen joko-taula honetan bizi izan dira post-frankismoko hauteskunderik anormal eta esperpentikoenak. Agian horregatik aintzat hartu beharko litzateke independentismoaren gaitasuna hauteskundeetako zorua sendotzeko: Errepublikaren Defentsarako Komiteak (CDR) horren espresio menderakaitzena dira, unionismoa lasai asko gailentzeko eremua prestatu duen 155. artikuluaren aurrean. Hori ikusi da Bartzelonako arean, gerrikoa gorri izatetik laranja izatera igaro baita; Ciudadanosen zerbitzura egindako operazio politiko-mediatiko baten emaitza da, eta PPk lehen momentutik onartu du hooligan papera ¡A por ellos! oihuarekin.
Ikuspegi horrekin, Madrilek Generalitata usurpaturik eta erregeorde bat botoak zenbatzen, herrialde erdia harri eta zur begira dagoen bitartean, kolore horixka errepublikarrak iraun dio Moncloak lurrez, airez eta itsasoz jaurtitako erasoaldiari.
Hemendik aurrera, jakiteke dauden gauza guztiek probatuko dute kolpeekin eta beste fakturekin jendarteko zati honek bereganatutako erresistentzia. Zalantzan dira gobernu legitimoaren etorkizuna eta harlauza batek adina pisu duten auziak. Baina urriaren 1a eta boto-kutxetan in extremis lorturiko garaipen hau, eutsi beharreko kapital handia dira. Ez biharko, baizik eta independentismoak Errepublika formarekin konkistatu nahi duen zerumuga horretarako.
Albiste hau Herrialde Katalanetako La Directa aldizkariak argitaratu du katalanez eta CC-by-sa lizentziari esker euskaratu eta ekarri dugu ARGIAra.