argia.eus
INPRIMATU
A-21eko independentisten mobilizazioak Bartzelonan
Katalunia, estrategia aldaketaren lekuko?
  • Asko ziren aurreko astean ostiralean Katalunian konfrontazio politikoko garai berri hasiko zela uste zutenak. Zenbait sektoretan (ezker independentistako taldeetan), tentsio egoera soma zitekeen, eta azken urteetan Bartzelonan bizi izan den egunik gogorrena bizitzeko esperantza eta beldurra aurrikusten ziren. Militantzia esparrutik kanpoko pertsona askok ere, zerbait berria, erradikalagoa eta zentzu batean behintzat bortitzagoa zetorrela uste zuten. Tentsioa nabaria zen.

Oier Zeberio 2018ko abenduaren 23a

Testuingurua
Ez ziren gutxi kaleak sutan ikusteko eta Polizial inoiz baina erantzun gogorragoa emateko aukera ikusten zutenak. Askapen nazionalerako prozesua poliki-poliki itzaltzen ari den une honetan, 155. artikulua berriz aplikatzeak prozesua indartuko luke seguruenik, eta honetaz jabetuta, bai Errepublikaren Defentsarako Komiteek (CDR) eta baita ezker independentista barneko (hainbat erakundez osatua dago ezker independentista: CUP, COS, Endavant, Arran, SEPC eta Alerta Solidaria) zenbait indarrek ere konfrontazio zuzeneko egoera beharrezkoa ikusten dute.

Hasieratik, ordea, garbi geratu zen (tentsio momentuak eta polizien kargak izan ziren arren) manifestarien eta Mossoen artean kontentzio logika nagusitu zela, beste hainbat kasutan (iazko eta aurtengo urriaren 1ean bezala, adibidez) gertatu den bezala. Manifestarien ekintzak ez ziren bereziki gogorrak izan. Hainbat kontainer eta hesi irauli eta Mossoen aurka hainbat objektu jaurti zituzten arren (harriak, botilak, petardoak, arrautzak…), ez zen bestelako eraso estrategiarik burutu. Mossoen partetik kargak ere ez ziren oso gogorrak izan orokorrean. 77 zauritu izan ziren, horietatik 35 mosso. Bestetik, Mossoek zazpi pertsona atxilotu zituzten Bartzelonan bertan.

Baliteke ostiralekoa independentismoaren barruko sektore batzuen estrategia aldaketaren lehen adibidea izatea, baina guztiz gauzatu ez zena. Ezker independentistak duen indar erreala txikia da, eta independentismoaren barruan gehiengo batek prozesua bide baketsu eta ez erradikaletik garatzeko apustua egin du. Ordea, errealitateak erakutsi duen bezalaxe, prozesua bera hiltzen ari da, eta mutur erradikala (desobedientziaz edo bestelako ekintza erradikalez Errepublika eraiki nahi duten korronteak) indartzea beharrezkoa da, modu horretan bihurtuko delako bakarrik mehatxu sinesgarri bat eta ondorioz, balizko erreferendum bati ateak irekiko ahal dizkion giltza.

Egunaren laburpena:

Goizaldeko 5:00ak aldera, Errepublikaren Defentsarako Komiteek Kataluniako zenbait errepide ixteari ekin zioten (horien artean AP7a moztu zuten zenbait puntutan). Goizeko 8:30ean, Ministroen Kontseilua ospatu zen Llotja de Mar eraikinera gerturatzeari ekin zioten hiru zutabeek.

Via Laietanatik abiatu zen zutabearen kasuan, hasiera batean tentsio egoerak izan ziren arren, Mossoek lehen polizia lerroa altxa eta manifestariak Llotja de Mar eraikina inguratzen zuen polizia lerrora iritsi ziren.

Via Laietanako zutabearen kasuan, ez zen ia tentsio egoerarik izan (lehen orduetan behintzat). Aldiz, Drasaness inguruko zutabean hainbat poliza karga izan ziren. Via Laietanan giroa lasai zegoela aprobetxatuz, jende kantitate garrantzitsu bat Carrer del Portal de Santa Madronara gerturatu zen, egoera “beroagoa” baitzen. Bertan, hainbat polizia karga eta manifestarien kontra-erantzuna gertatu ziren.

Carrer del Portal de Santa Madronan giroa lasaitzean (Mossoek gunea utzi bezain pronto), Carrer de la Fusteria bilakatu zen tentsio handiko gunea. Bertan hainbat polizia karga eta manifestarien kontra-karga nahiko indartsu bizi izan ziren.

14:15 aldera CDRek zutabeak desegiteko agindua eman zituzten arren, Via Laietanan polizia kargak izan ziren.
18:00ak aldera Ministroen Kontseiluaren aurkako manifestazioa abitu zen Paseo de Graciatik “Tombem el Règim” lema pean. Guardia Urbanaren esanetan 40.000 pertsona bildu ziren. Aldiz, antolatzaileen esanetan zifra bikoitza izan zen. Manifestazioa 20:00 aldera amaitu zen.

Manifestazioa amaitu ostean, Bartzelonan atxilotu zituzten pertsonen (zazpi) askatasuna eskatzeko Les Corts eko Mossoen komisaldegi aurrean protesta-kontzentrazioa antolatu zuten. Kontzentrazio horrekin amaitu zen eguneko jarduera politikoa.