argia.eus
INPRIMATU
Israelek Genozidioari buruzko Konbentzioa urratzen du, Amnesty Internationalen arabera
  • Abenduaren 5ean erakundeak argitaratutako txostenak Israel genozidioa egiten ari dela salatu du. Erakundeak nahikoa elementu aurkitu ditu Israelek palestinarren aurkako genozidioa egin duela eta egiten jarraitzen duela ondorioztatzeko.

Leire Ibar 2024ko abenduaren 05
"izaki infrahumanoak bagina bezala da" txostena argitaratu dute. Getty Images

Txostenaren arabera, Israelek, Gaza suntsitzeaz gain, bizi-baldintza penagarriak ezarri dizkie palestinarrei, desnutrizioa, gosea eta gaixotasunak barne. Era berean, behartutako lekualdatzeak, bizi-azpiegituren suntsipena eta lekualdatutako pertsonei itzultzen ez uzteko politika sistematikoak identifikatu ditu Amnesty International erakundeak.

Agnès Callamard Amnesty Internationaleko idazkari nagusiaren hitzetan, Israelek Gazako populazio palestinarra giza eskubiderik eta duintasunik merezi ez duen talde gizapetiko gisa tratatu du, eta, horrela, bere suntsiketa fisikoa eragiteko asmoa erakutsi du. 

Izaki gizapetiko bagina bezala da txostenean erakundeak arretaz aztertu ditu Israelek bederatzi hilabetez baino gehiagoz, 2023ko urritik 2024ko uztailera bitartean, egindako nazioarteko zuzenbide humanitarioaren urraketak. Ikerketak 212 pertsonekin egindako elkarrizketak, datu bisual zein digitalen analisiak, satelite bidezko irudiak eta Israelgo adierazpen ofizialak jaso ditu.

“Genozidioa da gertatzen ari dena. Amaiera eman behar zaio”, adierazi du Callamardek, Israeli armak ematen jarraitzen duten estatuek krimen horien konplize bihurtzeko arriskua dutela azpimarratuz. 

Israelek Gazan egiten dituen ekintzak legitimoak direla eta Hamas desagerrarazteko helburu militarrarengatik justifikatuta daudela argudiatu arren, erakundeak zehaztu du baieztapen horrek ez dituela egindako krimenak justifikatzen. Horrez gain, nazioarteko legedia betetzeko eta biztanleria zibila babesteko neurri guztiak hartu behar direla nabarmendu du erakundeak, eta Israelek behin eta berriz urratu duela hori.

Komunitatearen pasibotasuna salatu du giza eskubideen aldeko eragileak, “gure kontzientzia kolektiboaren orban” gisa kalifikatuz. Callamardek nabarmendu duenez, “gobernuek gaitasunik gabekoak diren itxurak egiteari utzi behar diote genozidio honi amaiera emateko”.

Erakundeak nazioarteko premiazko neurrien beharra berretsi du, zigor selektiboak eta Israeli arma transferentziak bertan behera uztea exijitzea barne, “martxan dauden basakeriak geldiarazteko”.