Astelehenean autobusarekin Bartzelonatik ibiltzea zeukan aurreikusita Hazte Oir eskuin muturreko elkarteak. Pertsona talde batek hiriaren sarreran autobusari bidea moztu eta feminismoa nazismoarekin lotzen zuen grafismoa kendu dio.
Bartzelonara sarreran, Diagonal etorbidean, geldiarazi zuten astelehenean kanpaina antifeminista egiten diharduen Hazte Oir-en autobusa. Ekintza burutu zuten kideek autobusak bistan zeraman grafismoa kentzeari ekin zioten, aurpegia ikur feministaz margoturik ageri zen Adolf Hitlerren argazkia eta #Stopfeminazis esaldia kasu. Ekintza Arran antolakundeak zabaldu du sare sozialetan:
👉Ràbia contra el feixisme i tot l'amor possible cap als col·lectius feministes i LGTB que avui hem treballat conjuntament posant els nostres cossos per aturar el feixisme!
✊Perquè l'antifeixisme és cosa de totes!#NoPassaran pic.twitter.com/z2OOy7tey5
— Arran Barcelonès (@ArranBarcelona) 2019(e)ko martxoaren 4(a)
Arranek adierazi duenez, Mosso d’ Esquadrek ekintza burutu duten norbanakoak identifikatu eta kanporatu zituzten. Autobusak, aldiz, bere ibilbideari jarraitu zion, mossoek lagunduta. Aurreikuspenen arabera autobusak Sagrada Familia inguruetan geldialdi bat egiteko asmoa zuen arren, ez zuen halakorik egin, eta arratsaldeko 16:00ak aldera hiritik Sabadellera bidea hartu zuen.
Directak azaldu duenez, autobusak Bartzelonako ibilbidea egitea eragotzi asmoz, gorroto-delituen Fiskaltzak idatzi bat aurkeztu zuen guardiako epaitegian. Idatziaren arabera, “autobusak emakumeen duintasuna, eskubideak eta askatasuna erasotzen ditu, eta iraindu egiten ditu beren ideiak nazionalsozialismoaz lotzean, emakumeek kontrako diskriminazioa normalizatzen duen giroa eratuz”. Hugo Novales Bilbao, guardian zen instrukzio epaitegiko epaileak, aldiz, atzera bota du eskakizuna, autobusak aireratzen dituen iritziak “adierazpen askatasunak babesten” dituela argudiatuz.
Hazte Oir elkarteak kanpaina transfoboa egin zuen 2017an, “Mutilek zakila dute. Neskek bulba dute. Ez zaitzatela engaina. Gizon jaio ezkero, gizona zara. Emakume jaio ezkero, emakumea zara” esaldia ikusgarri zuen autobus batekin. Oraingoan, genero indarkeriaren legea, berdintasunerako legea eta LGBTI kolektiboaren bazterketaren kontrako araudia ditu jo puntu kanpainak.