argia.eus
INPRIMATU
HDP alderdi kurduko burua hiltzen saiatu dira
  • Selahattin Demirtas HDP alderdi kurduko burua eta bere segurtasun taldea zihoan autoa tirokatu dute igande gauean Ipar Kurdistango Diyarbakirren. Autoan zihoazen guztiak onik atera dira.

Asier Arrate Iruskieta @AsierArrate 2015eko azaroaren 23a
HDP alderdiak eraso ugari jasan ditu, eta kide asko atxilotu dituzte azken hilabeteetan.

Ez dute tiro hotsik entzun, eta bizkartzainak ibilgailu ofizialetik irten direnean ohartu dira balen aurkako kristalak tiro baten marka zuela. Atzeko leihoan zegoen, Demirtasen buruaren parean. Autoa Turkiako poliziak eraman du ikerketarekin jarraitzeko. Poliziak jakinarazi du ez duela aurkitu balarik autoan sartuta.

“Heriotza jainkoaren agindua da”, txiokatu du Demirtasek erasoaren ostean.

Ekainean HDP alderdiak lehen aldiz Turkiako parlamentuan sartzea lortu zuen, eta Erdoganen AKP alderdiari gehiengoa lortzea eragotzi zion. Azaroko hauteskundeetan behera egin bazuten ere, parlamentuan ordezkaritza mantendu zuten.

Denbora tarte horretan, Kurdistango langileen Alderdiaren eta Turkiaren aurkako gerra berpiztu da eta HDP alderdiko jarraitzaileek  hainbat eraso jasan dituzte. Larriena urriaren 11n Ankaran: HDP eta ezkerreko zenbait alderdik antolatutako bakearen aldeko manifestazioan bi bonba leherrarazi zituzten, eta 102 pertsona hil. Turkiako Gobernuak Estatu Islamikoa egin zuen arduradun. Kurduek ordea, alderdiaren aurkako “gerra zikinaren” parte zela salatu eta estatua egin zuten erantzule. Eskuin muturreko talde nazionalistek ere jomugan dute alderdi kurdua.