argia.eus
INPRIMATU
Generoa genitalek zehazten duten kondizio biologikotzat xedatzeko asmoa agertu du Trumpen Gobernuak
  • AEBtako Gobernuak generoaren definizioa gizon eta emakume terminoetara mugatu nahi du, eta genitalek zehaztutako kondizio biologiko gisa xedatu. Helburu horrekin aurkeztu du lege proposamen bat, New York-eko (AEB) hiriak jaiotza-ziurtagirientzat genero neutroa ezarri eta gutxira.

Amaia Lekunberri Ansola 2018ko urriaren 26a
LGBTI komunitatearen eskubideen defentsan iaz egindako mobilizazioa, New Yorken (Yana Paskova / The New York Times)

New York Times egunkariaren bidez publiko egindako lege proposamenarekin, jaioberriak genero arau bitarrak eskaintzen dituen bi aukeretako –emakumea ala gizona– batekin betiereko erregistratzea bilatzen du AEBetako Gobernuak. Proposamenak planteatzen duenaren arabera, genitalen arabera xedatuko litzake genero bat ala beste, eta behin hau egindakoan, ezingo litzateke beronen gaineko aldaketarik egin. Trumpen administrazioak genero identitate aniztasunaren aldeko ibilbidean pausu bat atzera eman nahi du, aurreko legealdian genero identitatea aukera indibidualtzat jo baitzen, jaiotza erregistroan jasotakoak zehazten ez duena.

Esanguratsua da lege proposamen hau New Yorkeko hiriak jaiotza-ziurtagirientzat genero neutroa sortu eta aste bete eskasera egin izana. California, Oregón, Washington eta Nueva York-eko estatuei batu zaie hiria, eta Gobernuek ematen dituen identitate dokumentuei dagokienez genero zehaztugabearen aukera ezarri. Badirudi Trumpen Gobernuaren proposamena genero arau bitarra hausten duen aukeraren hedapena oztopatzera datorrela.

Lege honek aurrera egingo balu, norbanako transgeneroak aintzatestea bilatzen duten politikak indargabetu egingo lirateke, alor horretan pauso bat atzera eginez. Atzerapauso horrek 1,4 milioi pertsona baino gehiagori eragingo lieke, Williams Institute-k 2016an egindako ikerketa baten arabera horrenbeste transgenero baitaude AEBetan, adin txikikoak kontutan hartu barik.

Egindako proposamenaren aurrean, kanpaina politikoan LGTBI komunitatea babesteaz esandakoaren gainean galdegin zaio Trumpi. “Denok babesten ari naiz. Gure herrialdea babestu nahi dut”, izan da eman duen erantzuna.

Genero arau bitarra indartzera datozen arauak gurean

Trumpen gobernuarengandik datorren lege proposamen atzerakoi eta transfoboa eskuak burura eramateko modukoa bada ere, itsasoz bestaldera salto egin beharrik barik, gurean ere baditugu genero arau bitarra indartzera datozen arauak. “Erregistro zibilari aholkuak” emateko helburua duen Euskaltzaindiaren izendegia kasu.

“Gurasoen nahia Euskaltzaindiaren menpe” erreportaian azaltzen denez, “Euskaltzaindiak euskararen normalkuntzarako arauak ematen ditu eta 2001etik aurrera sexuaren araberako bereizketa finkatu du izenetan, ordu arteko anbiguotasunak ezabatuz”. Hala bada, erregistroetan erakunde horren arauak aintzat hartzen dituztenez gero, izenak genitalek bezainbeste indar dauka genero identitatea mugatzeari dagokionez gurean. Idurre Eskisabel EHUko irakasleak argi dio aipatutako artikuluan: “Euskaltzaindiak hori guztia egin du gaur egun indarrean dagoen sexu genero sistema erreproduzitzeko, jendartearen gehiengoarekin bat datorrelako, azken batean, sexu genero ideologia hegemoniko horretan erabat sartzen delako”.

Erakundeak pertsonen hautu librea oinarrian jarri zezakeen arren, izendegi atzerakoi bat sortu du tradizioaren aitzakiaz baliatuz, “Euskaltzaindiak zakila arazo linguistiko bilakatu zuenekoa“ erreportaiak azaltzen duenez. “Ezerezetik arazoa sortu aurretik Euskaltzaindiak eskura zuen euskal izenetarako salbuespena aldarrikatzea. Erraz zuen, gainera. Euskara genero gramatikalik gabeko hizkuntza da, genero guztietarako erabilitako izen saldoa dago eta milaka dira izen horiek dituzten pertsonak. Bereizketa eta, beraz, debekua hobetsi du nagusiki gizonek osatuta dagoen Euskaltzaindiak eta, gure usterako, tradizioaren interpretazio atzerakoia baliatu du horretarako”, irakur daiteke bertan.