argia.eus
INPRIMATU
Arma nuklearretan estatuek egindako gastua, hirugarren urtez jarraian, gora
  • Arma nuklearrak dituzten bederatzi herrialdeek 82.900 milioi dolar gastatu zituzten iaz arma horietan, 2021ean baino %3 gehiago. Arma Nuklearren Indargabetzerako Nazioarteko Kanpainak (ICAN) argitaratutako txosteneko datuak dira. Minutuko 157.000 dolar baino gehiago.

Ilargi Manzanares 2023ko ekainaren 13a
2007tik darama ICAN arma nuklearren debekuaren alde borrokatzen (ICAN)

2022 urtean arma atomikoak zituzten bederatzi herrialdeek (AEB, Txina, Errusia, Erresuma Batua, Frantzia, India, Israel, Pakistan eta Ipar Korea) 82.900 milioi dolar gastatu zituzten armamentu nuklearrean. Mundu osoan 12.500 arma nuklear daude, eta AEBek 5.244 dituzte bere eskuetan. Herrialde hori izan zen gehien gastatu zuena, alde handiz, 43.700 milioi dolar. Zerrendan bigarrena Txina dago, 11.700 milioirekin, baina askoz arma gutxiagorekin (410). Nahiz eta zenbaki hauek handiak izan, ICAN-en arabera AEBen eta Txinaren aurrekontu militarren %5a baino ez da hau.

Errusia hirugarrena zen zerrendan, 9.600 milioi gastatuz, baina beraien aurrekontuaren %10a baino gehiago inbertitu zuten eta Putinen mehatxu nuklearrak nazioarteko kezkak eragin zituen. ICANek esan duenaren arabera, mehatxuek herritarren beldurra eragin zuten, bereziki Europan. Errusiak momentu honetan 5.889 arma nuklear dituela kalkulatu du ICANek.

Hiru handien ondoren, falta diren sei herrialdeak horrela kokatzen dira zerrendan: Erresuma Batua, 6.800 milioi; Frantzia, 5.600 milioi; India, 2.700 milioi; Israel, 1.200 milioi; Pakistan, 1.000 milioi; eta Ipar Korea, 589 milioi. Iaz herrialde guztiak igo zuten beraien gastua, AEBek ezik, baina hala ere gastuaren erdia baino gehiago mantentzen jarraitu zuten.

Hirugarren urte da jarraian mundu mailan gastu nuklearrak gora egiten duena. Naizek jaso duenez, ICANek dio armamentu-enpresak izan zirela onuradun nagusiak, ia 16.000 milioi dolar jasoz herrialdeekin egindako kontratuen bidez. Ondoren, "think tank" ugariak izan ziren diru gehien jaso zuten eragileak, sektore armamentistikoaren eta herrialdeen ordainak jasoz, politikan eta iritzi publikoan eragiteko.

Naizek dioen gisan, ICANek Genevan du egoitza, eta Nazio Batuen Erakundeak sustatutako Arma Nuklearren Debekuaren Inguruko Hitzarmena munduko herrialde guztiek onartzea eta atxikitzea bilatzen du. Nazio Batuen Erakundea eta ICAN elkarrekin ari dira lanean arma nuklearrekin bukatzeko.