Bilboko Altamira auzoko 'Guztientzat' auzo elkarteak deitu du mobilizazioa, BBK Live jaialdiaren lehen egunean. Makroekitaldiak gertuko auzoetan eragiten dituen kalteak eta Bilboko Udaleko Alfonso Gil zinegotziak horiek konpontzeko egindako “promes faltsua” salatuko dituzte.
Ostegunean, uztailak 12, 20:00etan deitu dute mobilizazioa. Guztientzat elkartetik, Altamira auzoko beheko autobus geltokian biltzera dei egin dute, Basurtu-Kastrexana errepideko 187 zenbakian.
Elkarteak ohartarazi duenez, BBK Live jaialdiak inguruetako auzoetan eragozpenak eragiten ditu eta auzokideen segurtasuna arriskuan jartzen du. Aurretik egindako adierazpenen bidez, konponbideak bilatzeko xedeaz, azken urteetan Altamira-Arestizabala auzoko bizilagunak eta Bilboko Udala elkarlanean aritu izan direla jakinarazi dute. Udalaren partetik egoera hobetzeko lanean jarraitzeko asmoa nabari badute ere, Alfonso Gil PSEko zinegotzia buru duen Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun sailak horretarako asmorik ez duela erakutsi azpimarratzen dute.