argia.eus
INPRIMATU
98 herrialdetako 3.183 film laburrek hartuko dute parte Zinebi Jaialdian
  • Azaroaren 10etik 17ra egingo da Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 59. edizioa. Kartela Oscar Marine diseinugile eta ilustratzaileak egin du eta John Huston zuzendari mitikoaren irudi bat du oinarri haren heriotzaren 30. urteurrena ospatzeko.

Uriola.eus @uriolaeus 2017ko irailaren 07a

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak (ZINEBI) azaroaren 10etik 17ra ospatuko du bere hurrengo edizioa, 59. zenbakia egiten duena. Lanak aurkezteko epea itxi da, eta ZINEBIk 3.183 film jaso ditu. Horien artean aukeratuko dira Lehiaketako Sekzio Ofizialean lehiatuko direnak, lehiaketan parte hartuko duten hiru generoetarako Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak lortzeko xedez. Genero horiek, fikzioa, dokumentala eta animazioa dira.

98 herrialdetik heldutako lanen jatorriari dagokionez, ohikoa denez, Espainiako Estatua azpimarratu behar da (679 film, horien artean Hego Euskal Herriko 70), eta ondoren Frantzia (417), Alemania (238), EE.BB. (112), Erresuma Batua (92) eta Italia (75) datoz. Eremu latinoamerikarrari dagokionez, film labur gehienak Brasiletik (156), Mexikotik (130) eta Argentinatik (101) heldu dira, baina baita Kolonbiatik (68), Txiletik (47), Venezuelatik (11), Kubatik (11) edo Uruguaitik (10) ere, beste leku batzuen artean.

Zine produkzio urria eta mendebaldeko ikus-entzuleentzat ezezaguna duten herrialdeen artean, hauek azpimarratu behar dira: Albania (1), Armenia (1), Azerbaijan (2), Arabiar Emirerri Batuak (9), Irak (3), Kazakhstan (1), Kosovo (2), Letonia (2), Malaysia (3), Namibia (2), Nepal (2), Hego-Afrika (3) eta Thailandia (1). Herrialde eta gune geografiko eta kultural anitzen partaidetza horrek zinemaldi beterano honen nazioarteko izaera nabarmentzen du, berriro ere.

Azkenik, izena eman duten filmen generoei dagokienez, zinemaldiaren araudian ezarritako hiru kategoriak kontuan izanda, 1.870 fikziozkoak dira (%58,76), 935 dokumentalak (%29,37) eta 378 animaziozkoak (%11,87).

Hustoni Omenaldia

Oscar Marine diseinugile eta marrazkilariak ZINEBIren 59. edizio honetarako sortu duen kartelaren protagonista, 1987ko abuztuaren 28an hil zenetik 30 urte bete berri diren John Huston zuzendari, gidoilari eta antzezle estatubatuarra da. Marinék, zinegileak beti ahoan zuen zigarroa agertzen den irudia aukeratu du, zeluloide lataz osatutako mendiaren gainean. Izan ere, Hustonek berrogei film luze baino gehiago sinatu zituen zuzendari gisa, horien artean lan mitikoak, “El halcón Maltés” (1941), “La reina de África” (1951), “El Tesoro de Sierra Madre” (1948) edo “El honor de los Prizzi” (1985). Azken bi film horiengatik Zuzendari hoberenaren Oscar saria lortu zuen.

Alde batetik, zinemaldiak bat egin nahi du horrela zinegile handiaren heriotzaren 30. urteurrena gogorarazteko ekitaldiekin, baina, horrez gain, aipatu behar da zinemaldiak lehen aldiz erabiliko duela bere kartelean zine zuzendari baten irudia. Oraingo honetan, John Huston, zinematografoaren artearen garai klasikoarekin lotzen den elementuetako batzuekin agertzen da, Estatu Batuetako zineaz ari garenean, batez ere: zine mutuaren garaiko aitzindariek erabili ohi zutenaren oso antzekoa den kapelarekin eta kamerari begira. Bere irudia, Marinék, zinemaldiaren akronimoaren muntaketa grafikorako asmatu duen kolore biziko hizkiz inguratuta dago. Orokorrean, kartelean azpimarragarriak dira elementu nagusi gisa aukeratu diren pertsonaiaren aberastasun konnotatiboa eta ikus-lanaren adierazkortasuna eta kolore indartsua. 

Albiste hau Bilboko Uriolak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.